argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagun batu dira Frantziako Poliziak hildako Nahel gaztearen oroimenez antolaturiko ibilaldian
  • Ekainaren 27an hil du tiroz Frantziako Poliziak hamazazpi urteko gaztea. Pertsona batek filmaturiko bideoan ageri da polizia, arma gaztearen burura hurbildu eta tirokatzen duenean. Haserrea eta ezinegona piztu ditu hilketak eta orduz geroztik kale borrokak ez du etenik Frantziako hainbat auzo popularretan.

2023ko ekainaren 30

Frantziako Poliziak hildako Nahel gaztearen amak deituriko martxa zurira jendetza batu da ostegunean: 20.000 lagun antolatzaileen arabera eta 6.200 Poliziaren arabera. Aniztasun handia zen nagusi: gazteak, zaharrak, familian etorritako auzoak, hautetsiak eta eragile sozialak. Paris ondoko Nanterre hirian gertatu da Poliziaren hilketa, ekainaren 27 honetan. Hamazazpi urte zituen Nahelek eta polizien kontrol batean gertatu da ezbeharra.

Haserrea, pena eta ezinegona nagusi ziren martxa zurian. Nahelen gisa, Zyed, Bouna, Adama, Théo eta beste hainbat gazteren izenak oihukatu dituzte –guziak Frantziako Poliziak hildakoak–. 2020az geroztik 130 lagun baino gehiago ditu hil Frantziako Poliziak, Bastamedia komunikabideak egindako ikerketa independentearen arabera: 2020an 40, 2021ean 52, eta 39 iaz (aurtengo daturik ez dute zehaztu). Nahelen gisara, beste 26 zituen iaz tirokatu. 2017ko otsailean onartutako Segurtasun Publikoaren Legeak egoera okertu besterik ez du egin, arma erabiltzeko aukera legalak zabaltzen dizkiolako Poliziari. Gaztea hil duen polizia preso sartu du fiskaltzak, nahita egindako homizidioa egotzita. Hain zuzen, hilketaren unea filmatu zuten pertsona batek eta bertan ageri da polizia arma gaztearen burura hurbiltzen eta tirokatzen.

Nahelek senideek ezin izan dute hitza hartu martxaren bukaeran, Poliziak, gas negargarriak erabilita, jendea sakabanatu duelako bukaera baino lehen.

Arazo sistemikoa

Frantziako hiri handien inguruko auzoetan dute nagusiki pairatzen Poliziaren gehiegikeria, arrazakeria eta klase-zapalkuntza juntatzen direlarik. "Arrazakeria sistemikoa" salatzen ari dira eragile politikoak. "Anaia hil zen beltza zelako, Adama Traore deitzen zelako, langile auzokoa zelako" kontatu zion ARGIAri Assa Traorek, Poliziak hildako gaztearen arrebak. Arazoaren sustraietara jo eta ondokoa adierazi zuen elkarrizketan: "Esklabotzaren garaira itzuli behar da ulertzeko. Frantziaren kolonialismoa ere hor da, oraindik erroturik. Ez baduzu larru kolore egokia, ez zara pertsonatzat hartua. Nire nebaren aldeko borrokaren bidez logika hori dugu gainazpikatu nahi".

Poliziaren errepresioaren eta presioaren bukaeraz gain, zerbitzu publikoen garapena galdatzen dute auzo horietako eragileek, martxa zurian egondako batek Mediapart-ei errandakoari segi, "Poliziaren instituzioa delako gaur egun dugun zerbitzu publiko bakarra". Urteak dabiltzala langabeziari, diskriminazioei eta bazterketa sozialari aurre egiteko neurriak galdatzen, baina egoera ez doa hobera, auzo popularrak sutan direlarik bakarrik zaielako begiratzen. Berriro ere sutan dira, 2005ak utzitako irudiak berriz gaurkotuta.

Hiri bazterrak sutan

Nahelen hilketak –fiskaltzak ere nahita egindako homizidio gisa sailkaturikoak– sua piztu du beste behin Nanterren eta handik gutxira Frantziako auzo herrikoietan.

700 lagun baino gehiago atxilotu dituzte. 40.000 polizia baino gehiago kalean dira, drone bidezko segipenak baimendu dituzte eta gauean etxeratze-aginduak hartu dituzte hainbat hiritan, Estatuaren erantzuna gogorra da, baina giroa ez da eztitzen ari.