argia.eus
INPRIMATU
Milaka indigenaren antzutze behartuen epaiketa hasi dute Fujimoriren aurka
  • Alberto Fujimori Peruko presidente ohia epaituko dute bere gobernu pean egin ziren milaka esterilizazio behartuengatik –biktima gehienak emakumeak, nekazariak, pobreak eta kitxuak izan ziren–.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 04a
Argazkia: Minkaprod

Peruko Justiziak Alberto Fujimori presidente ohiaren aurkako prozesu berri bat hasi du martxoaren lehenean, milaka indigena antzutzera behartu izanagatik. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek hamazazpi urtez egindako eskakizunen ostean hasi da Rafael Martinez epaileak zuzendutako prozesu judiziala.

1996 eta 2000 urteen artean presidente ohiaren gobernupean, "Borondatezko Kontrazepzio Kirurgikoak" deituriko kanpaina jarri zen martxan. Denbora horretan, kitxua komunitate indigenako eta baliabide ekonomiko urriko 350.000 emakume eta 25.000 gizon antzutu zituzten –Peruko Fiskaltzaren arabera –, haien borondatearen aurka.

Omen, pobreziari aurre egiteko

Jaiotza-tasa kontrolatzea pobreziari aurre egiteko neurri gisa ezarri zen, gobernuaren arabera, baliabide gutxiko sektoreetan jaiotza-tasak murrizteko. Arduradunek prozedura kirurgikoak pazienteen baimenarekin egin zirela adierazi zuten hasieran. 2002an ordea, Errepublikako Kongresuaren ikerketa baten bidez, osasun langileak emakumeen onespenik gabeko esterilizazioak egiteko presionatuak izan zirela frogatu zen.

2.000 emakume baino gehiagok adierazi dute operazioa egiteko bortxatuak, engainatuak eta jazarriak izan zirela. 25 urte geroago ausartu dira salaketa jartzera giza eskubideen defentsarako taldeen aurrean. Biktimen gehiengoa emakumea da eta ama hizkuntza kitxua izanik, ez zuten gaztelera menperatzen; gainera, asko letragabeak ziren. Horretaz baliatu zen gobernua kasu askotan tronpak lotzeko operazioa egiteko, baldintza ezin txarragoetan. Hemezortzi emakume hil ziren ebakuntzen ondorioz, eta 1.300 emakume inguruk ondorio fisikoak pairatu zituzten. 

Pablo Espinoza fiskalak, "bizitzaren, gorputzaren eta osasunaren aurkako delituak" egiteaz akusatu du presidente ohia. Horrez gain, Eduardo Yong, Marino Costa Bauer eta Alejandro Aginaga Osasun ministro ohiak ere epaituak izango dira. Fujimori ez da prozesuan izan, eta defentsaren bidez adierazi du ez dutela kasu honengatik epaitu behar, 2007an Txiletik estraditatu zutenean, akusazio hori ez zelako delituen taldean sartu.

Alberto Fujimori, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da gaur egun gobernatu bitartean egindako Barrios Altoseko eta La Cantuntako sarraskiengatik.