argia.eus
INPRIMATU
Independentziaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Eskozian
  • Eskoziaren independentzia aldarrikatzen duen Guztiok Bandera Beraren Azpian mugimenduak egin zuen deialdia eta antolatzaileen arabera, 250.000 pertsona bildu ziren. Agintarien arabera 20.000.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 07a

Brexitaren harira berriz ere indarra hartu du Eskoziako mugimendu independentistak eta agintari eta herritarrak beste erreferendum baterako prestatzen ari dira. Mobilizazioa larunbatean izan zen Eskoziako hiriburuan eta independentismoaren ordezkaritza zabala ikusi ahal izan zen bertan.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa ez zen manifestazioan izan, baina Twitterrez zabaldutako mezuan, bertan ezin zuela egon baina “espirituz zuekin egongo naiz” adierazi zuen, azpimarratuz “zalantzarik gabe, independentzia” badatorrela.

2014an egindako erreferendumean herritarren %45ek independentziaren alde egin zuen eta %55ek aurka. Strugeon-ek agindu duenez, azkenean Erresuma Batua EBtik ateratzen bada, bi urteko epean beste erreferendum bat deituko du. Gobernu britainiarrak iragan udaberrian jakinarazi zuenez, oraingoz ez du baimenduko agintari eskoziarrak eskatzen ari diren erreferenduma.