Unibertsitateko eta irakaskuntza ertaineko 8.000 ikaslek baino gehiagok bozkatu dute urrian eta azaroan Galizian egindako herri galdeketan. Erguer ikasle erakundeak deituta, honako galderari erantzun diote: “Uste duzu LOMCErako, Bolonia Planerako eta 3+2rako alternatiba behar dugula, Hezkuntza Lege Galiziar baten bitartez?”.
Parte hartu dutenen %94k bozkatu du baietz, %4,5ek ezetz eta % 2,5ek baliogabe, Sermos Galiza aldizkariak informatu duenez. Galdeketaren ostean, Erguerrek grebara deitu du Galiziako irakaskuntza ertainean eta unibertsitateetan, azaroaren 16rako. Deialdiak Irakaskuntza Publikoaren aldeko Galiziar Plataformaren babesa du.
Galdeketaren datuak zabaldu eta gero, Erguerreko ikasle talde batek Galizako Hezkuntza Saila sinbolikoki okupatu eta grebara dei eginez pankarta bat eskegi du leihotik.