argia.eus
INPRIMATU
Milaka herritarrek amnistia eskatu dute Bilbon preso eta iheslarientzat
  • Jesusen Bihotzaren plazan hasi eta Arriaga antzokiaren parean amaitu, Bilbo zeharkatu zuen larunbatean, azaroak 28, euskal preso eta iheslarientzat amnistia eskatu zuen manifestazioak. Ekitaldia antolatu zuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduaren ordezkariek adierazi zuten manifestazio hau inflexio puntu bat izan dela amnistiaren aldarrikapena berriro kaleratzea lortu dutelako eta aurrerantzean mobilizazio gehiago izanen direla.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko azaroaren 29a
Amnistiaren aldeko manifestazioa azaroaren 28an Bilboko kaleetan. (Argazkia: Ekinklik)

4.500 pertsonak parte hartu zuten –Gara-ren kalkuluetan– hasieratik beroa izan zen mobilizazioan. Beroa bezain zorrotz autokontrolatua, antolaketako egitura nabarmenik batere gabe ere bertaratutako jendeen jokabideetan bezala oihukatutako esloganetan ordena handia erakutsiz. Ibilaldi osoan ez zen isiltasunezko unerik izan: “Presoak kalera, amnistia osoa”, "Amnistiarik gabe, bakerik ez”, “Espetxeak apurtu”, “Borroka da bide bakarra”…

Bizkaira beste lurraldeetatik iritsi ziren askok Goardia Zibilaren kontrol zorrotzak zeharkatu behar izan zituzten. Bilboko kaleetan Ertzaintzak gertutik zaindu zuen mobilizazioa. Hala ere bakean iritsi zen dena bukaera arte. Arriaga plazan antolatzaileen hitzaldiaz gain zenbait presoren mezuak ere irakurri ziren.

Joan den maiatzean 93 preso eta iheslari ohik sinatuta Amnistia agiria zabaldu zenean jakin zuten herritarrek badela eztabaida bat ezker abertzalearen munduan ETAk armak utzi ondoren errepresaliatuen egoera konpontzeko eraikitako estrategiaren inguruan. ARGIAri eskainitako elkarrizketan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bozeramaileek beren kezka azaldu zuten presoen inguruko giroa mikazten ikusita, batasunerako deia eginez. Azken hilabeteotan ez da giroa gozatu, antza, prentsan Bilboko manifestaziora ez joateko arrazoiak azalduz publikatu diren gutunak lekuko.

Bilbokoaren antolatzaileek egoera horretan jende andana mobilizatzea lortu dute: “Frogatu dugu posible dela herriak galdegiten dituen erronkei erantzutea bitarteko ekonomikorik gabe eta azpiegiturarik gabe, politikari profesionalik gabe eta kaleko batailetan murgildurik”.

Albistearen oihartzunak prentsan:

Ekinklik: Argazki erreportajea

Berria "Milaka pertsona bildu dira Bilbon euskal presoen amnistia eskatzeko"

Naiz-Gara "La reivindicación de la amnistía reúne en Bilbo a 4.500 personas", "Amnistiaren aldeko aldarriak 4.500 lagun bildu ditu Bilbon"

Ahotsa.eus "Miles de personas se manifiestan en Bilbo a favor de la amnistia"

El Correo "2.500 personas marchan en Bilbao para reclamar amnistía para los presos de ETA"