Preso ohiek deituta, milaka euskal herritar gerturatu dira igande eguerdiz Bilboko La Casillara. Preso Politikoen Nazioarteko Egunean hauen aitorpen politikoa egin eta gatazkaren konponbidean duten garrantzia nabarmendu dute.
12:00ak pasata abiatu da mobilizazioa La Casillatik. Preso ohiek hartu dituzte manifestazioko lehenengo lerroak, ikurrinak eskutan eta espetxean jarraitzen duten ehundaka kide gogoan. Preso politikoen eta iheslarien aitortza politikoa egin asmoz, oihuka irten da protesta. Bilbora gerturatu diren milaka manifestariek txaloka hartu dituzte preso ohiak, eta bat egin dute "Amnistiaren norabidean, presoak eta iheslariak etxera!" leloarekin.
Manifestariek hainbat aldarri zabaldu dituzte. Amnistiaren aldeko eta dispertsioaren aurkako ohiuek hartu dute kalea. Preso gaixoak, deportatuak zein deserrian diren militante politikoak gatazka konpontzeko ezinbesteko subjektuak direla azpimarratu dute.
Ibilbidean zehar Mirentxin gidariak, deportatuen senideak eta hainbat sumario politikotan auzipetuta dauden herritarrak presente egon dira. Mirentxin gidarien taldeak esaterako, maiatzaren 7an Larrabetzun ospatuko duen jaialdiko egitaraua zabaltzeko ekimena egin du, furgonetetara igota.
13:00ak aldera iritsi da manifestazioa Bilboko udaletxera. Preso ohiek eraikineko eskilarak hartu dituzte, "espetxera eraman zituen borrokaren jarraitzeko" hautua eginda.
Espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dauden presoen gutunek hasi dute ekitaldia: "Mundua eraldatu nahi dugulako gara preso politiko, zapalkuntzarik onartzen ez dugulako".
Ana Belen Egüesek (Cordoban espetxeratua) Ezker Abertzalearen proiektu independentista bultzatzeko deia egin du. Ondoren, EPPK-ren izenean "kalea gatazkarekin bukatzeko" lerrokatzearen beharra nabarmendu dute, Abian prozesuarekin eta preso ohiek aurkeztutako erabakiarekin bat eginez. Modu horretan, legediaren barruan mugitzeko asmoa adierazi dute, bi marra gorri ezarriz: damua eta barkamena.
Amaitzeko, Juan Mari Olanok hartu du hitza. EPPK-k prozesu indepentistari egin beharreko ekarpenaz mintzatu da, dispertsioa salatu eta egoera soziopolitikora egokitzeko ahalmena nabarmendu du.
Mundu zabalean dauden preso politiko guztiei egin die keinu, tartean azken astean hil berri den Brahim Saika preso politiko sahararrari. Gatazka konpontzeko herritarrek hartu beharreko ezinbesteko konpromisoa azaleratu dute, EPPK-k bere baitan egin beharreko prozesu eraldatzaileari aipamena eginez: "motzean lotuko gaituen katerik ez dago, gure ametsak hertsiko dituen kaiolik ez dagoen bezalaxe".
Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.