argia.eus
INPRIMATU
Milaka herritar izan dira Mutiloako zabortegiaren aurkako manifestazioan Ormaiztegin
  • Manifestazioa Goierri Birzirik plataformak deituta egin da igande eguerdian. “Mutiloan zabortegirik ez” lelopean milaka herritarrek hartu dute parte, Mutiloako zabortegiaren kontra eta birziklatzearen alde.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 19a
Manifestazioaren burua (Arg.: Angel Elorza)

Berdez jantzita gerturatzea eskatzen zen eta hala egin dute askok. Herriko plazatik abiatu den martxak jai giroan egin du Lurpe zabortegirainoko bidea. Manifestariek erraustegiaren inposizioa kritikatu eta beste eremu batzuetan urteko 240 kilo zabor sortzen diren bitartean bertan 60 kilo besterik sortzen ez direla azaldu dute. Gehien birziklatzen duten eskualdeak zigortzea egozten diote Gipuzkoako Aldundiari.

Lurpe zabortegia Cespa enpresarena da eta orain arte hondakin industrial geldoak jasotzeaz arduratu da Goierri Birzirik-ek azaldu duenez. Hemendik aurrera hiri hondakin solido eta zaborrak ere jasoko ditu. Udalaren esanetan erabaki horrek hiri plangintzako arauak eta zabortegia ustiatzeko hitzarmena urratzen ditu. Hau posible egiteko baimen berri bat izan beharko luketela salatu dute.

Asteartean eguerdiko hamabietan, Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Batzar Nagusietan errauste planta berriak gizartean, ekonomian eta ingurumenean izango duen inpaktuaren inguruko txostena aurkeztuko du.

Goierriko Hitzak bideo bat egin du manifestazioko irudiekin: