argia.eus
INPRIMATU
Milaka herritar atera da kalera Donostian COVID pasaportearen aurka, Bizitza plataformak deituta
  • Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko abenduaren 20a
Manifestazioa abiatzear zela Boulevarrak zuen itxura. (Bizitza Plataforma)

Alderdi Eder eta Bulebar inguruetan jendea elkartu eta Asier Galan eta Julia Arraizak hasierako manifestua irakurri ostean, manifestazioa Hernani kalean barna abiatu da, antolatzaileen arabera lau kilometro hartzera iritsiz. Bideo honetan ikus daiteke manifestazioaren dimentsioa. Bideo honetako pertsonak kontatu dituenak 41.458 partaide izan zirela adierazi du.

Bizitza plataformak manifestazioaren deialdia egiterakoan, irakurketa hau plazaratu zuen: "Azken asteetan Nafarroako Foru Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken aginduei, aurrez Frantziako Gobernuaren neurriak batuz gero, Euskal Herrian bizi garen 12 urtez gorako biztanleriari COVID pasearen derrigortasuna ezarri zaigu. Eremu geografiko bakoitzean berezitasunak izan arren, finean, oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako eraso larri baten aurrean gaude. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak berak onartu zuen irratian ez dela osasun neurri bat. Zer da orduan? Bada eskubideen urraketarako eta kontrol sozialerako tresna bat".

Deialdi berean, pandemiaren kudeaketari buruzko irakurketa hau plazaratu zuen plataformak: "Birusari aurre egiteko gerra estrategia planteatu zenez, herritarrak menpean egoteko errepresioa erabili zenez, horren jarraipena besterik ez da pasaportea. Eta neurri horietako bakar batek ere ez du ekartzen onurarik gizarte osasuntsu bat eraikitzeko".

COVID pasaporteari "Apartheid pasaportea" izena eman diote irakurketa horretan: "Diskriminazioa eta bazterkeria bultzatzen du: batzuk bai, eta besteak zergatik ez? Gainera, zenbait esparrutako langileei polizia lana eginaraztea onartezina da. Elkarbizitza eta zaintza kaltetzeko helburuz sortua izan da pasaporte hau".

Azaldu dute datu pertsonal eta intimoen babesa "bortxatzen duela" pasaporteak eta "gure gorputzen gain erabakitzea ezinbesteko premisa" dela, "gizakion burujabetzarako: ez dizut aginduko nik nola zaindu zure osasuna, baina ez ahaztu, nire gorputza nire erabakia dela".

"Banandu nahi gaituzte, baina horren aurrean, elkartzen ari gara"

Joera ideologiko eta estilo ugaritako jendea batu du deialdiak, txertaketari eta pandemiaren kudeaketari buruzko iritzi ezberdinak bistaratuz. Asko beren pankarta propioekin azaldu dira –bideo honetan eta honetan guztiak ikusgai–, antolatzaileek eskatu bezala. "Badakigu asko direla ezberdintasunak. Baina elkar errespetatuz, eta elkartzen gaituena lehenetsiz bete ditzagun Donostiako kaleak, bizi dugun egoeraren larritasunak horrela eskatzen baitu", adierazi zuen Bizitza plataformak deialdian.

COVID pasaportea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarri zutenean egin zuen manifestazio deialdia Bizitza plataformak. Ondoren etorri dira giroa berotu eta jende askoren artean eztabaida piztu duten neurri ugari: haurren txertaketa martxan jartzea, txertoa hartua duten helduen artean hirugarren dosia orokortzeko iragarpena edo pasaportea eremu askotara zabaltzeko Jaurlaritzaren erabakia.

Pasaportearen aurka agertu diren Osakidetzako langileen pankarta.