argia.eus
INPRIMATU
Milaka haur gosez hiltzeko arrisku larrian daude Gazan
  • Muturreko gosea jasaten ari da Gazako biztanleriaren erdia baino gehiago, eta hildako kopurua asko haziko dela aurreikusi dute adituek. Malnutrizio sakona duten 3.000 umeri tratamendua etengo diete laster hornidura faltagatik. Gosea genozidiorako arma gisa erabiltzea leporatu diote Israeli.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 05a
Gazan malnutrizioak jotako 335.000 umeetatik bi, Rafah-ko osasun-zentro batean, maiatzaren 4an. M. Salem / Reuters

Bost urte baino gutxiagoko 335.000 haur daude goseak hiltzeko arrisku larrian Gazan, Al Jazeera telebista katearen arabera. Medikuek igoera handia ikusi dute gose eta malnutrizio kasuetan Rafahko igarobidea itxi zenetik. Armada sionistak sarraskitu egin du Gazako Zerrenda azken zortzi hilabeteetan, lekualdatzera behartu du gutxienez biztanleriaren %85, eta laguntza humanitarioa sartzeko bide guztiak itxi edo ia erabat debekatu ditu. Gosete izugarria eragin du Gaza osoan, eta datozen hilabeteetan gosez hildakoen kopurua asko igotzea aurreikusi du hainbat adituk.

Gazako pediatra batek Al Jazeerari ohartarazi dio gosetearen eraginez “izugarri areagotzen” ari direla gaixotasunak, infekzioak, eta haurrek hazteko dituzten arazoak. Azken astean bi haur hil dira gosez Gaza erdialdeko Deir Al Balah ospitalean, Gazan giza eskubideen alde lanean dabilen Al Mezan elkarteak jaso duenez. Maiatzaren 30ean lehena eta ekainaren 1ean bigarrena. Sei hilabete zituen Fayez Ataya eta 13 urteko Abdulqader Al-Serhi, biak hil dira malnutrizioaren ondorioz, eta ez dutelako aukera izan beharrezko osasun arreta jasotzeko. Horiek izan dira Gaza erdialdean erregistratu diren gosez hildako lehen pertsonak, baina lurralde osoa dago antzeko egoeran. Gazako Osasun Ministerioaren arabera elikagai faltagatik 30 palestinar baino gehiago hil dira urriaren 7tik, haurrak gehienak. Gaza iparraldean erregistratu dira orain arte kasu gehienak, baina Gaza erdialde eta hegoaldera azkar zabaltzen ari da muturreko gosea, sionistek laguntza humanitarioa sartzeko hegoaldeko bidea itxi zutenetik.

Azken astean bi haur hil dira gosez Gaza erdialdeko Deir Al Balah ospitalean

NBEak esan du 1,2 milioi palestinar larrialdi mailako gosea jasaten ari direla, eta berehalako su-etena dela haiek salbatzeko modu bakarra. Maiatza hasieran jada ohartarazi zuen “gosetea orokortua” zegoela Gaza iparraldean, eta hegoaldeko egoera ere muturrekoa da gaur egun. “Haurrentzako hondamendia” da Rafah, Jonathan Crickx UNICEFeko ordezkariaren hitzetan. The Guardian egunkariak jaso ditu UNICEFen Palestinako komunikazio buruaren adierazpenak. Malnutrizio sakona duten 3.000 haur baino gehiagori tratamendua eten beharko diete ez badira elikagai osagarriak sartzen. Modu terapeutikoan erabiltzeko prest dagoen janaria behar dute, haurren malnutrizioa artatzeko erabiltzen dena, baina ezin dute eskuratu Israelen blokeoaren ondorioz, eta milaka ume “hiltzeko arrisku larrian” daude.

Ondorio larrienak ikusteke

Hilabete askoan Gaza iparraldean larriagoa izan da gosetea hegoaldean baino. Laguntza gehiena, urria bazen ere, hegoaldetik sartu da, izan Rafahko igarobidetik, Egipto eta Gazaren artean, edota Israelekin mugan dagoen Kerem Shalom igarobidetik. Biak itxita mantendu dituzte sionistek azken hilabetean. Iparraldeko egoera, oraindik oso larria bada ere, zertxobait hobetu dela diote iturri batzuek, laguntza apur bat sartu delako bertatik orain, baina hegoaldean hornidura arazo larriak jasaten ari dira, Munduko Elikadura Programaren Palestinako ordezkariak ohartarazi duenez.

Alexandra Saieh Save the Childreneko Politika Humanitarioen buruaren arabera orain arte ikusitako gosea “icebergaren punta” besterik ez dela

Gosete hilgarria eragiten ari da Israel, baina ondorio larrienak ikusteke daude oraindik. Arriskua areagotuko dela ohartarazi dute mundu mailako hamaika erakundek. Mugarik Gabeko Medikuak, Oxfam eta Save the Children gobernuz kanpoko erakundeek adierazpen bateratua atera dute maiatza bukaeran, esanez aurreikusten dutela heriotza kopuruak izugarri igotzea, goseak, gaixotasunek eta laguntza mediko faltak eraginda. Salatu dute “aldaketa kosmetikoak” besterik ez direla izan laguntza humanitarioa sartzeko igarobide berriak eta AEBek uretan eraikitako behin behineko portua. Alexandra Saieh Save the Childreneko Politika Humanitarioen buruak Al Jazeerari esan dio orain arte ikusitako gosea “icebergaren punta” besterik ez dela.

Janari falta ez da arrisku bakarra. Israelek ur garbia lortzeko aukera kendu eta saneamendu sistema suntsitu izanak ere eragiten du haurrek arrisku handiagoa izatea infekzioak eta gaixotasunak pairatzeko. Ia ezerezean dago Gazako osasun sistema, sionistek osasun zerbitzuen aurka egindako hamaika operazioen ondorioz. Ospitale eta klinika gehienak itxita daude, zabalik dauden gutxiak oso murriztua dute jarduera, eta hainbat adituk ohartarazi dute ez dagoela modurik malnutrizioari eta osasun arazoei aurre egiteko.