argia.eus
INPRIMATU
Milaka gazte ari dira mobilizatzen mundu osoan Klimaren Aldeko ikasketa greban
  • Mundu osotik hasi dira iristen martxoaren 15erako planeta osoko eskoletan ikasleek deitu duten Klimaren Aldeko Grebaren oihartzunak. Ostiral berezi honetan zentratu dituzte beren ahaleginak udazkenetik ostiralez ostiral ugarituz joan diren protestalariek, nagusiki 15-17 urteko gazteak, Greta Thunberg suediarra hartu dutenak erreferentzia nagusi.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 15

Ikasle protesta berria hasi zen Greta Thunberg gaztearen inguruan. 2018ko abuztuaren 20an, ostirala, orduan 15 urte zituen  neskatoak eskola utzi eta Stockholmgo parlamentuaren atarian eserialdia egin zuen, alboan zeukala “Skolstrejk för klimatet“ (Eskola-greba klimaren alde) zioen afixa. Irailaren 8an esan zuen Suediako Gobernuak klimaren aldeko Parisko ituna sinatu eta karbono isuriak murrizteko erabakia hartu arte, ostiralero egingo zuela eskola-greba.

Thunbergek Fridays For Future –Etorkizunaren aldeko ostiralak– bataiatu grebak laster bildu zituen jarraitzaileak eskola askotan. Azaroan milakoetan konta zitezkeen Australiako ostiraletako grebalariak. Abendurako uhinak senti zitezkeen mundu osoan: Austria, Belgika, Kanada, Herbehereak, Alemania, Finlandia, Danimarka, Japonia, Suitza, Britainia Handia, AEBak...

Euskal Herrian nagusiki Bizi! mugimenduak egin dio jarraipena gazte mugimendu berriari, eta Iparraldeko ikasle talde batek haren webgunetik zabaldu zuten gaurko grebarako deia. Hegoaldeko lau hiriburuetan ere bazeuden elkarretaratzeak deituta, eguerdiko 12:00etarako, Ekologistak Martxan erakundeak zabaldu duenez.

Sare sozialetatik mundu osoko mobilizazioen albiste eta irudiak ari dira zabaltzen. Horietako askotan festa eta aisialdi giroa nabari den moduan, beste batzuetan aldarrikapenak zorrotzago landu dira. Parisen, esaterako, gazte talde batek Societé Generale bankuaren sarrera blokeatu du, banka handia delakoan klimaren aldaketa eragiten ari diren erantzule nagusietakoa.