Goizean goizetik Usurbilgo Udarregi ikastolak antolaturiko ibilbidea jendez mukuru bete da. Egun osorako euria zegoen iragarrita, baina jendeak, beste behin ere, erantzun bikaina eman dio Gipuzkoako ikastolen festari.
Ekitaldia Donostiatik abiatu den bizikleta martxa batekin hasi da, eta ondoren, 9:30etan, hasierako ekitaldia egin dute. Berau Joan Mari Torrealdai kazetari eta euskaltzaina omentzeko probestu dute, urte hauetan guztietan euskararen alde eginiko lanagatik.
Behin ibilaldia irekita, Usurbilera gerturatu direnek kontzertuez eta beste zenbait jarduerez gozatzeko aukera izan dute. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, euren gogoa “guztiz asebeteta” dago, euskaltzaleek erantzun “ezin hobea” eman baitute. Zentzu horretan, urte osoan eginiko lanak fruituak eman dituela nabarmendu dute.
Bertaratutako agintari politikoek esanikoei dagokienez, Usurbilgo alkate Xabier Arregik azpimarratu du auzolanak antolaketan izan duen garrantzia, adieraziz herri guztia inplikatu dela aurtengo Kilometroak-en prestaketa lanetan. Horrez gain, hezkuntzaren alorrean inklusibitatea, parekidetasuna eta jasangarritasuna sustatzeko urratsak eman behar direla esan du.
Eusko Jauraritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte hezkuntza legea “denon artean” garatzeko prest agertu da. Hitzokin kontent agertu da Arantxa Manterola, Kilometroak elkarteko lehendakaria, eta eragileekin bilerak egiten hasteko prest dagoela iragarri du.