Hotzari aurre eginez eta Kontseiluaren deiari jarraituz, milaka herritar atera dira kalera larunbat eguerdian Iruñeko kaleetan, Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan hartutako azken erabakia babestuz.
Irakaskuntzaren funtzio publikoan zerrenda bakarraren aldeko hautua egin du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak eta horrek sortutako kontrako jarreraren ondoren, Kontseiluak bere sostengua adierazi nahi izan dio Gobernuari. Oro har, bazterkeriaren aurka eta euskaldunen eskubideen aldeko manifestazioa izan da Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ekitaldiaren amaieran gogorarazi duenez.
12:00etan atera da manifestazioa Iruñeko autobus geltoki zaharretik "Bide eman euskarari: berdintasunaren alde" pankarta buruan. Gau eta goiz ia osoa euripean izan ondoren, eguraldi hotzak su-eten txiki bat eman du 13:30ak arte. Viana Printzea plazatik Merindadeen Plazara jo du manifestazioak, handik Karlos III:a kalea hartzeko eta Sarasate pasealekuan amaituz.
Ekitaldiaren amaieran irakasle kaltetu talde batek zerrenda bakarraren aldarri egin du oholtzatik eta, ondoren, Paul Bilbaok euskara eta euskaldunak ez baztertzeko eskatu du bere hitzaldian, hizkuntzaren bazterketaren atzean herritarrak daudela gogoratuz.
Astean zehar Kontseiluak gogorarazi duen gisan, Bilbaok sostengua adierazi dio Nafarroako Gobernuari eta neurri gehiago hartzera ere animatu du, bide horrean "herritarrak atzean izango dituela eta". Bilbaok azpimarratu du "berdintasuna erdiesteko erabakiak hartu behar" direla, hori ez dela erdietsiko bakarrik euskararen alde egonez: "Euskaldun guztien eskubideak aitortuko dituen lege berria onartu eta zalantzarik ez izan orduan ere hemen egongogarela".
Ezkerra koalizioko Batzarre alderdiak zerrenda bakarrari buruzko kontsulta egin du militanteen artean azken hiru egunetan eta jakitera eman duenez, %55,95ek zerrenda bakarraren alde egin du, %37,5ek orain arte jarraitzearen alde, hots bi zerrendekin, eta %6,54 abstenitu egin da. Batzarreko afiliatuen %62k parte hartu du egindako kontsultan.
Batzarrek bere erabakia adierazi dio Ezker Batuari, baina honek ez du ezertan behartzen Ezkerra koalizioa, desadostasunak direnean, hautetsiek boto askatasuna dute eta. Batzarrek, halaber, bere desadostasuna erakutsi dio gaur Kontseiluak deitutako manifestazioari, bere ustez, honekin Izquierda-Ezkerraren aurka egin nahi baitzen. Halaber, alderdiak zehaztu du zerrenda bakarraren alde egiteak ez duela esan nahi ados dagoenik Hezkuntza Kontseilaritzak duen jarrerarekin eta argi esan du sailari eskatzen diola aurkez dezan nola eraman nahi duen aurrera zerrenda bakarraren gaia.
Hemen Ahotsa.infok manifestazioaz egin duen bideoa:
Ondoko txioan manifestazioaren hasierako beste une bat:
Eguraldi txarrari aurre eginez milaka pertsonek baietz zerrenda bakarrari, baietz euskarazko haur eskolei, baietz... Euskaraz bizitzeari #2dEmanEuskarari pic.twitter.com/JkHGZW27w9
— Xabier Letona (@xletona) December 16, 2017
Eta hemen manifestazioaren hainbat une argazkitan: