argia.eus
INPRIMATU
Milaka eskuindar eta ultraeskuindar bildu dira PPk eta Voxek deitutako protestetan
  • Pedro Sánchezen eta Amnistia Legearen aurka antolatu dituzte manifestazioak, “espainiarren berdintasuna” aldarrikatzeko. Hego Euskal Herriko jendetsuena Iruñekoa izan da: 6.000 elkartu dira. Bilbon gizon bat atxilotu dute eta beste hiru identifikatu.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 13a
"Espainolen berdintasunaren alde", Konstituzioa defendatzeko deia egin du PPk Hego Euskal Herriko hiriburuetan. / Argazkia: EITB media.

Espainiako Estatuan PPk PSOEren eta Amnistia Legearen aurka antolatutako manifestazio ultraeskuindarrek jende andana bildu dute –Vox deialdiekin bat egin du–. Hego Euskal Herrian ere oihartzuna izan du PPren igandeko deialdiak: Iruñeko Gaztelu plazan 6.000 pertsona elkartu dira –UPNk eta Voxek ere babestu dute mobilizazioa–, Gasteizko Posta plazan 500, eta Bilboko Moyua plazan zein Donostiako Pio XII.ean beste ehunka eskuindar.

Pedro Sánchezek aste honetako inbestidurarako Juntsekin adostutako Amnistia Legearen aurka egin dute protesta, Espainiarren berdintasunaren alde, amnistiarik ez lelopean. “Espainiak ez du amore ematen”, “Espainia ez dago salgai” eta Sánchezen nahiz Puigdemonten aurkako bestelako aldarri artean Espainiako banderak nagusitu dira, Europakoekin, ikurrinekin eta Nafarroako banderekin nahastuta.

Manifestazioko irakurketan PPk dei egin du konstituzioa defendatzera eta PSOEren aurka erreakzionatzera, eta azpimarratu du “zigorgabetasunari, pribilegioari eta amnistiari ezetz” esaten diotela. Gasteizen Miguel Angel Idigoras TVE Espainiako komunikabide publikoko kazetariak irakurri du manifestua; ETBko zuzendari ere izan zen Patxi Lópezen legegintzaldian. Javier de Andres EAEko PPko presidente hautatu berria Arabako elkarretaratzean izan da, eskuineko beste aurpegi ezagunekin batera.

PPko manifestazioen segidan Voxek protestak deituta zituen PSOEren egoitzen parean. Ertzaintzak kontzentrazioa disolbatzeko exijitu die Bilbon elkartutako ehun bat ultraeskuindarrei, baimenik ez zutelako, eta jarraian gizon bat atxilotu eta beste hiru identifikatu dituzte.

Manifestatzen jarraituko dute

Madrilgo manifestariek Puerta del Sol plaza bete dute –PPren esanetan milioi erdi izan dira eta Espainiako Gobernuaren arabera 80.000–. Alberto Nuñez Feijook bertan ziurtatu du protestan jarraituko dutela eta ez direla isilduko “hauteskundeak egin arte”. Sánchezen aurka egin du: “Espainiak izango du presidente bat, zeinak bere inbestidura erosi duen, bere sozioen inpunitate judizialaren truk”.