“Euskal Herria feminismotik eraikitzen” lelopean milaka pertsona bildu dira mugimendu feministek deitutako mobilizazioetan. Ekintza ugari antolatuak izan dira Euskal Herri osoan Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira: hitzaldiak, tailerrak eta manifestazioak besteak beste.
Mugimendu feministaren aitortza beharrezkoa dela azpimarratu dute: “Kalean kontraboterea artikulatzearekin batera boterea bera eskuratu behar dugu”.
Iruñean 3.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute Nafarroako hiriburuko karrikak jendez bete dituen manifestazioan. Martxoaren 8ko Koordinakunde Feministako kideek beste behin emakumeen eskubideak aldarrikatzera kalera atera behar izana salatu dute. Era berean, egun Nafarroan dagoen egoera sozio-ekonomiko eta politikoaren aldaketa feminista izango dela, ala bestela ez dela aldaketarik izanen azpimarratu dute: "Gizartearen %50 gara emakumeak, eta beraz, gure ahotsa ere entzuna izatea nahi dugu".
Gasteizen, berriz, 1.400 lagun inguruk bat egin dute mugimendu feministek deitutako mobilizazioekin. Era berean, Bilbon, Hazparnen eta Donostian manifestazio jendetsuak izan dira.