argia.eus
INPRIMATU
Milaka armeniar Nagorno Karabakheko aireportuan babestu dira, garbiketa etnikoaren beldur
  • Azerbaijanek erasoa jo eta hogeita lau orduren buruan hartu du Nagorno Karabakheko kontrola, hango agintariek "desegitea eta erabateko desarmatzea" onartu ondoren, bere esanetan. Armeniarrek herrialdetik ihes egiteko pasabide seguruak irekitzea eskatzen dute eta ehundaka lagun babestu dira Stepanakert hiriburuko aireportuan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 21a
Stepanakerteko aierportua ez dago egun erabilgarri, baina errusiar militarren guarnizio bat dago bertan. Irudi hau Errusiako Defentsaq Ministerioak zabaldu du hainbat hedabideren bidez.

Asteartean Azerbaijanek artilleria astunarekin eraso zuen Nagorno Karabakh, Armeniarekin duen gatazkaren erdian dagoen lurralde menditsua eta armeniar jendea bizi dena. Hogeitalu orduren ostean hango agintariek su-etena sinatu dute, Errusiaren bitartekaritzarekin, eta ondorioz "desegitea eta erabateko desarmatzea" hitzartu dute.

Erasoan dozenaka lagun hil direla diote zenbait iturrik eta Azerbaijango armadak "kontaktu linea" osoa zeharkatu duela.

Nagorno Karabakh bihurtu da Ukrainako gerrak ekarritako joko taula konplexuan sakrifikatu beharreko pieza bat, Armeniaren eta Errusiaren artean harremana urrundu eta gero.

Erevanen, Armeniako hiriburuan, asteazken arratsaldean berriz sortu dira manifestazio eta istiluak, Armeniako Gobernuko Nikol Pashinyanen dimisioa eskatzeko, Nagorno Karabakheko armeniarrak salduta utzi dituelakoan.

AEBek eta Europako hainbat herrialdek Azerbaijanen erasoa salatu dute, baina aho txikiarekin. Europar Batasunak Bakúrekin 2022ko uztailean hitzartu zuen bere gas erreserba handien inportazioa bikoiztea.

Azerbaijango presidenteak, Ilham Aliyevek telebistako agerraldi batean "garaipena" ospatu eta gogor hitz egin du: "Batzuek jadanik jaso dute merezi zuten zigorra, eta beste batzuek oraindik jasoko dute"

Nagorno Karabakheko presidenteak, Samvel Shahramanyanek gobernuaren erabakia iragarri aurretik esan du euren lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea dela, eta beharrezko neurriak hartuko dituztela, "nazioartearen erantzun eskasa ikusita". Azerbaijango hiriburutik gertu, Yevlakhen eztabaidatzen ari dira orain herrialdearen "integrazioa" Azerbaijanen.

120.000 armeniar inguru bizi dira Nagorno Karabakhen, kristau ortodoxoak gehienean, eta garbiketa etnikoaren beldur dira asko orain.

Duela bederatzi hilabetetik Armeniarekin duten pasabide bakarra, Latxingoa, itxita eduki du Azerbaijanek herritarrak gosez eta eskasiaz estutu nahian –irailaren 12an ireki zuen berriz ere–. Nagorno Karabakheko Gobernuak "giza korridore seguruak" eskatu ditu eta Errusiako "bake-indarrak" herritarren ebakuazioan laguntzen ari dira.

Baina beste milaka lagun Stepanakerteko aireportuan babestu dira, Reuters agentziak zabaldu duenez. Aireportu hori ez dago erabilgarri eta egun errusiar militarren guarnizio bat dago han. Nagorno Karabakheko Informazio Zerbitzuak herritarrei eskatu die aireportura ez jotzeko eta euren babeslekuetan geratzeko.

Azerbaijango presidenteak, Ilham Aliyevek telebistako agerraldi batean "garaipena" ospatu eta gogor hitz egin du, Nagorno Karabakheko "erregimen kriminaleko" kideak jo puntuan jarrita: "Batzuek jadanik jaso dute merezi zuten zigorra, eta beste batzuek oraindik jasoko dute. Armeniar herriak badaki hitza eman dudala".