argia.eus
INPRIMATU
Tratu txarrekin lotutako 1.500 salaketa inguru Hego Euskal Herrian 2012ko hirugarren hiruhilekoan
  • Joan den urteko uztaila eta iraila bitartean, 1.428 emakumek salaketak jarri zituzten Hego Euskal Herrian tratu txarrengatik.

Josu Urtubia @otxua 2013ko urtarrilaren 09a
1.428 emakumek salatu dituzte tratu txarrak 2012ko hirugarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian.

Salaketaren ondoren prozesu judizialei uko egin dieten emakumeen portzentajea %17,18koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan berriz, %14,21ekoa.

Espainiako Genero Indarkeriaren Behatokiak emandako datuak dira. Erakunde horretako presidente Inmaculada Montalbánek positibotzat jo du salaketek gora egin izana eta azpimarratu du kondenen kopuruan ere igoera txiki bat gertatu dela.

Espainiako Estatuko datuei dagokienez, salaketen hamarretik ia seitan, bikoteak elkarrekin jarraitzen zuen oraindik eta beste gainontzeko lau baino gehiago diren horietan erlazioa moztuta dago. Datu hau ez da asko aldatu aurreko datuekin alderatuz.

Lesioak edo zauriak direla-eta jarri dituzte salaketa gehienak, ia %80. Kasu horietako gehientsuenak (%64,2) tratamendu medikuen beharrik izan ez zuten lesioak izan ziren eta %2,6ak behar izan zituen operazio edo tratamendu kirurgikoak.

Etengabeko tratu txarrak jasaten dituztenen portzentajea %11,2 izan zen. Mehatxu eta indarkeriengatik 3.031 salaketa baino gehiago izan ziren (%8,5).

Emakumearen aurka eginiko erasoak direla eta emandako 11.013 sententziatatik %78a erruduntzat jo du sententziak. Bost urteko zigorra baino handiagoa eskatzen zuten epaietatik ia erdiak jo ditu erruduntzat epaileak.