argia.eus
INPRIMATU
Mila pertsonatik gora elkartu dira Donostian zezenketen aurka
  • “Donostia Antitaurina Orain” plataformak deituta, zezenketak gelditzea eskatzeko manifestazioa egin dute Donostian igandean. Hiru urtez zezenketarik gabe egon ondoren, abuztuaren 13tik 16era bueltatuko dira Illunbe zezen plazara.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 10
Mila pertsonatik gora elkartu dira zezenketen aurkako manifestazioan, Donostian (argazkia: irutxulo.hitza.eus)

18:00etan abiatu da protesta Bulebarretik, eta Katalina plazara bitarteko ibilbidean zezenketen aurkako eta animalien eskubideen aldeko oihu eta mezu ugari zabaldu dituzte parte-hartzaileek. Koloretsua izan da manifestazioa: pankarta eta kartel asko eraman dituzte bertaratutakoek, eta hainbat lagun toreroz jantzita agertu dira.

Parte-hartzaileen artean, Donostiako hainbat eragiletako ordezkariak izan dira. Hala nola, Juan Karlos Izagirre alkate ohiak, EH Bilduko Amaia Almirallek edota Irabazi Donostiako Amaia Martinek bat egin dute protestarekin. Piratek ere parte hartu dute manifestazioan, beren zapi eta txalekoekin gerturatu dira martxara.

Amaiera ekitaldian, Nora Barragues plataformako kideak hartu du hitza, eta protestarako arrazoi asko dituztela azpimarratu du: “Urteetan diru publikoko milioika euro gastatu dituzte Illunben. Zezenketak defizitarioak dira, eta ez dugu nahi gutxiengo batek gure dirua erabiltzea”.

2013ko eta 2014ko Aste Nagusian ez zen zezenketarik egin, orduko udal gobernuak ekitaldi mota horretarako Illunbe ez alokatzea erabaki zuelako. Hauteskundeen ondoren, Eneko Goia alkate berriak adierazi zuen, eskaera zuzen eginez gero, ez zuela oztoporik jarriko Ilunben zezenketak egiteko. Chopera familiak alokatu du aurten zezen plaza.