argia.eus
INPRIMATU
Mila pertsona hil dira Mediterraneoan azken lau hilabeteetan
  • Mundu osoko migrazio bideetan 1.668 pertsona hil edo desagertu dira 2017an, Missing Migrants Projectek jasotako datuen arabera. Horietatik, 1.096 Mediterraneo itsasoan hil dira.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 05a

Migrazioen Nazioarteko Erakundearen (OIM) datuen arabera osatu dute Missing Migrants Project ekimena. Migrazio bideetan hildako eta desagertutako pertsonen datuak aztertuta, ondorio argi bat atera dute: Europa da emigranteentzako helmugarik arriskutsuena.

Aurten 1.668 pertsona hil dira migrazio bideetan, horien %65,7 Mediterraneoan. Hildakoen jatorria ezagutzea ez da erreza, baina jakin ahal izan denen artean, gehienak Saharaz Hegoaldeko Afrikatik eta Afrikako Adarretik zetozen (%28,4, orotara).

Azken urteetan kopuruak gora egin du. 2016an 7.872 pertsona hil edo desagertu ziren, 5.098 Mediterraneoan (%64,8). 2015ean 6.259 zenbatu zituzten, eta 2014an, berriz, 5.281. Migrazioen Nazioarteko Erakundeak konpromisoa eskatu die mundu osoko gobernuei, “krimenen epidemia” honi amaiera emateko. “Hildako kopurua zenbatu baino, zerbait gehiago egiteko ordua heldu da”, aldarrikatu du.

Ikerketaren datuak Missing Migrant Project-en webgunean daude ikusgai. Proiektua 2013an jarri zuten martxan, naufragio batean 400 pertsona baino gehiago hil zirenean, Lanpedusako irlan.