argia.eus
INPRIMATU
Antsietateagatik bajan dago Espainiako Estatuan Facebooken edukiak moderatzen dituzten langileen %20
  • Apirilean egin zituzten hogei langilek Facebooken azpikontrata den CCC Barcelona Digital Services enpresaren aurkako salaketak, oinarrizko eskubideak urratzen dituztela adierazi zuten langileek, gaur egun mila inguruk salatu dute. "Gestapo" gisa definitzen dute lan giroa.

Leire Ibar 2024ko urriaren 17a
"Zentzugabeko zigorrek" lan giroa okertzen dutela eta horrek etorkizuneko kaleratzeak ekar ditzakela adierazi dute zenbait langilek Pexels

Azken hilabetean Facebookeko geroz eta langile gehiagok salatu dituzte euren lan baldintza “gordinak”. Enpresako hainbat langileren ardura da ikustea eta ezabatzea bortxaketen, haur pornografiaren, suizidioen, zuzeneko torturen eta hilketen bideoak. Horrek sortzen dituen ondorio psikologikoez gain, langileek salatu dute kaleratuak eta zigortuak izatearen etengabeko mehatxupean daudela. 

Hainbat langilek El Saltori modu anonimoan aitortu dietenaren arabera, komunera joateko tartea hartzeagatik, bazkaltzeagatik edo ikusmen-atsedena (bost minutu orduko) hartzeagatik zigortzen dituzte. CCC Barcelona Digital Services izeneko enpresa Facebooken azpikontrata− arduratzen da bideoak publikoki zabaltzeko egokiak diren ala ez erabaki behar duten langile hauetaz. Enpresak, oinarrizko eskubideak diren horiek “profesionaltasun eta erabateko etika falta” direla esan izan du.

CCC Barcelona Digital Servicesek batzuetan langileak zazpi egunez soldatarik gabe uztera zigortzen ditu, "zentzugabeak eta absurdoak" diren arrazoiekin, langileek salatu dutenez. Guztira 1800 langile inguru dira Espainiako Estatuan enpresa honentzat lan egiten dutenak.

Eskubideen urraketak

Langile batek modu anonimoan salatu du “izugarria” dela plantilako langileek duten presioa. Ez  indarkeriazko edukiak ikusteagatik soilik, lan baldintzengatik ere bai. Izan ere, ezin dute ezer eduki mahai gainean edota aulkian, ez bada gainean duten arropa eta baimendutako elikagaien eta edarien zerrendako zerbait. Ezin dute soinean izan ez mugikorrik, ez erlojurik, ez paperik; han egiten dutenaren pribatutasuna gordetzeko aitzakian ezartzen dituzte neurri hauek. Presioaren eta etengabe ikusten dituzten edukien gordintasunen ondorioz langileen bajen kopurua handituz doa. Langileen %20 inguru dago bajan antsietate-koadroengatik. Adierazpen hauek eman dituen langileak gaineratu du azken hilabetean lau aldiz joan behar izan duela Larrialdi zerbitzuetara antsietateagatik. 

"Zentzugabeko" kaleratzeei dagokienean, hainbat langilek kasu berberaren berri eman dute. Langile bati bi eguneko soldata (200 euro) kendu zion Telus enpresak ustezko iruzkin homofobo batengatik. Lankideek azaldu dute, homosexuala dela bera eta modu askean aldarrikatzen duela gainera. Santzioa jaso zuen langileak lankide bati azaldu zion enpresak pinkwashinga egiten zuela iruditzen zitzaiola, eta iruzkin horren ondorioz jarri zioten zigorra.

Horrez gain, nazionalitateagatiko diskriminazioa ere badagoela adierazi dute. Bi taldetan banatzen dira langileak. B taldekoek −Espainiako, Italiako eta Portugalgo pasaportea dutenek− soldatari dagokionez %28 gutxiago jasotzen dute A taldekoek baino −Frantziako, Holandako, Israelgo eta Eskandinaviako− herrialdeetako pasaporteak dituztenek baino. Enpresak soldata arrakala onartu du eta argudiatu du edukiaren moderazioan erabiltzen diren hizkuntza nagusiak A taldekoenak direla, eta, bigarrenik, Bartzelonan talde bereko langileak aurkitzea zailagoa dela.

Horregatik, Bartzelonako epaitegi batek CCC Barcelona Digital Services enpresa zigortu zuen apirilean. Bere nazionalitateagatik diskriminatutako langile bakoitzari 10.001 euroko kalte-ordaina ematera eta plantillaren soldatak parekatzea eskatu zion. Hasiera batean hogei langile inguruk egin zuten salaketa, orain beste 800 gehitu dira.