Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Bizilagunekin plataformak deituta, mila lagunetik gora irten dira Alderdi Ederreko lorategietatik, hiri bizigarriago bat aldarrikatzeko. “Etxebizitza ez da negozioa’, eta ‘Donostia ez dago salgai’ oihuen artean, manifestazioa egin dute Parte Zaharreko, Erdialdeko eta Amarako kaleetan barrena, “sakoneko konponbideak” eskatu eta turistifikazioak bizilagunak “itotzen” dituela salatzeko.
“Arriskuan gaude” lemapean, adin tarte askotariko bizilagunak bildu ditu mobilizazioak. Era berean, ezkerreko alderdien hainbat ordezkariren eta Donostiako berrogeita hamar elkarte, kolektibo eta erakunde baino gehiagoren babesa jaso du protestak. Besteak beste, Kaleratzeak Stop, Uliako Bizilagunen Elkartea, Martutene Bizirik, Eguzki, Ekologistak Martxan eta ELA, LAB, ESK, CCOO, CNT eta Steilas sindikatuak batu dira protestara. Bizilagunekin plataformaren deialdiak, agerian utzi du, beste behin, turismo masiboa Donostiarren kezka iturri nagusia dela egun.
Mobilizazio jendetsuak hiriko kale eta hiribide turistikoenak zeharkatu ditu, donostiarren nahiak eta beharrak ere entzunak izan daitezen: “Esango digute ‘kalitatezko turismoa’ dela masifikazioa saihesteko formula, baina guk kalitatezko baldintzak aldarrikatzen ditugu”, seinalatu dute manifestazioaren amaieran. Amara plazan egin duten ekitaldian, gogora ekarri dute luxuzko turismoa sustatzen ari den bitartean, Donostiak etxebizitza larrialdiarekin, lan baldintza prekarioekin eta komunitate sareen ahultzearekin jarraitzen duela.
“Itxurakeriaren estrategia”
Egungo egoeraren aurrean, baina, Donostiako Udala ez dago egoerari mugarik jartzeko beharrezko neurriak hartzen. Bizilagunen plataformatik adierazi dutenez, neurriak jarri baino, udalak “itxurakeria estrategia” bat bideratu du azken urteotan: “Ez du egoera aldatu nahi, herritarren pertzepzioa baizik. Bisita gidatuen tamaina tasa turistiko edo antzeko huskeriak ez dira nahikoa”.
Horiek horrela, Bildutako bizilagunak sakoneko konponbideak aldarrikatu dituzte. Horretarako, desazkunde turistikoaren aldeko neurriak hartzea “ezinbestekotzat” dute, plataformaren arabera: “Pisu turistikoak murriztu behar dira, eremu ekonomikoa berrorekatu behar da, negozio turistikoen mesedetan egindako politika guztiak eten behar dira, kultura turistak erakartzeko amu gisa ikusteari utzi behar da…”, azaldu dute Amaran nabarmendutako neurri sortan.
KAS plataformari elkartasuna
Era berean, Kaleko Afari Solidarioei elkartasuna adierazi nahi izan diete. Adierazi dutenez, plataformak jaso duen azken debekua “hiri eredu elitista eta baztertzailearen adibide gordina” da. Horiek horrela, zabaldutako oharrean, KASekin eta bestelako elkartasun ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu diete donostiarrei: “Ez dago Donostia ederrik edo nazioartean harrotasuna sortuko duen hiririk, gure artean bazterkeria, gosea eta miseria daukagun bitartean”.