Larunbatean lau hitzaldi, bazkaria, elkarretaratzea, ekitaldi politikoa eta aisialdirako tartea eskaini ditu Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Hainbat gobernuk indarrean sartutako politika feministak eta haien mugak aztertu dituzte, eta emakume langileen eginbeharraz hausnartu dute, besteak beste.
Mila lagun inguru bildu ditu Itaiak, Gernikan (Bizkaian) ospatutako jardunaldi nazionalean. Hitzaldiak, bazkaria, elkarretaratzea, ekitaldi politikoa eta aisialdirako tartea izan dute bertaratu direnek.
Goizean goizetik hasi dute egitaraua, harrera batekin. 10:30ean bi hitzaldi eskaini dituzte: bata, emakume langileon proletarizazio prozesuaren nondik norakoen inguruan, eta, bestea, Gobernu politika feministak aztergai izenburupean. Horren ostean, Jai Alai frontoian, emakume langileek dituzten erronkak eta proposamen politikoak aztertu dituzte. Merkatu plazan egin dute bazkaria eta azken mahai-inguruari ekin diote ostean.
Behin hitzaldiak amaituta, elkarretaratzea egin dute Bilboko erailketa matxista salatzeko. Azkenik, egitarauari amaiera emateko, ekitaldi politikoa eta kontzertuak ospatu dituzte.