argia.eus
INPRIMATU
Mila lagun elkartu dira Baionan, eskuin muturraren aurka
  • Frantziako Estatuan zein Ipar Euskal Herrian RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia lehen indar atera izanari erantzuteko manifestazioa egin dute Baionako karriketan gaindi, oihu eta txistu artean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko ekainaren 11
Mila lagun batu dira Baionako karriketan, faxismoaren aurka. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Jendetsua eta zaratatsua izan da astelehen arrastirian Baionan eginiko manifestazioa. Milaka lagun batu dira bezperan eskuin muturrak lorturiko garaipenari erantzuteko beharretik. RN c´est la haine [RN herra da]; Euskal Herria Antifaxista; Bardella entzun pin pan pun; De Gaza au Pays Basque: antifasciste [Gazatik Euskal Herrira: antifaxista]... hastetik buru oihuka iragan da protesta.

Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Sindikatu, ezkerreko alderdi politiko zein elkarte batzuen banderak ikusi ahal izan dira eskuz eraikitako pankarta propio andanaren artetik. Gazteria batu da nagusiki eta Fronte Nazionala alderdia Batasun Nazionala bihurtu arren, la jeunesse emmerde le Front National [Gazteriak kakinarazten du Fronte Nazionala] lelo historikoa bere egin du egungo belaunaldiak ere.

Palestinari elkartasuna adierazi zaio Baionako manifestaziotik. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Baionan bezala beste hamarnaka hiritan manifestazioak egiten ari zirela, bildurik ziren Parisen ezkerreko alderdietako ordezkariak, Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako adostasun bat lortu eta hautagaitza bateratu bat osatzeko asmoz. Gaueko hamarrak aldera zabaldu zen sare sozialetan batasuna lortu izanaren albistea. Eskuin muturrari bidea mozteko xedez, hautagaitza bakarra izanen da ezkerrean ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko bozketetan.

1988ko "gazteriak FN/RN kakinarazten du" lelo ospetsua belaunaldiz belaunaldi doa. Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin