argia.eus
INPRIMATU
Mila lagun atera dira Baionako karriketara, hezkuntzan gauzaturiko osasun protokoloa deitoratzeko
  • COVID-19a dela eta, ikastetxeentzat erabakitako osasun protokoloak salatzeko greba burutu dute hezkuntza arloko langileek. Manifestazioa egin dute Baionan, LAB, FSU 64, SE-UNSA 64, CGT, CNT eta FNEC-FP-FO 64 sindikatuek eta gurasoen hainbat kolektibok deiturik. Osasun ministroa eta Hezkuntza ministroa sindikatuekin bilduko dira 18:30etan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko urtarrilaren 13a
Baionako manifestazioa (Irudia: Ekhi Erremundegi)

COVID-19a dela eta, ikastetxeentzat erabakitako osasun protokoloak salatzeko greba eguna dute gaurkoa Ipar Euskal Herrian. Karrikara ateraz, Frantziako Gobernuaren eta batez ere Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kudeaketa deitoratuko dute grebalariek: "Egoera kaotiko honetan, [Frantziako] Hezkuntza Ministerioaren erantzukizuna erabatekoa da, etengabeko aldaketen, atxiki ezinezko protokoloen eta hezkuntzaren funtzionamendua bermatzeko baliabide faltaren ondorioz".

Baionan, mila lagun batu dira "Hezkuntza nazionala: Enplegua, lan baldintzak, soldatak" eslogana dakarren banderolaren atzean. Suprefetura aitzinetik abiaturik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko akademia ikuskariaren bulegoetara joan dira.

Hemen Anaiz Aguirre Olhagaray kazetariak sare sozialetan zabaldu bideoa:

 

Protokoloaren "zentzugabekeria" dute gaitzetsiko, sindikatuen arabera "ezin kudeatua" eta "eskasa" izanik. Irakaskuntza sektorean dagoen "nekadura" eta "haserrea" dela eta, neurri berriak eskatuko dituzte.

LAB, FSU 64, SE-UNSA 64 eta FNEC-FP-FO 64 sindikatuek deiturik 11:00etan abiatu dute manifestazioa Baionako suprefeturaren aitzinetik.

Zehazkiago hauek dituzte aldarrikapenak:

- Ordezkoen kontratazioak, ikastetxeek irekirik segitzeko gisan.

- Baliabide gehiago, tartean, CO2 neurgailuak, autotestak, gel hidroalkoholikoak eta FFP2 maskarak.

- Osasun arloko langile gehiago.

- Ikasleei eskaturiko testen bermea ez dadila gurasoen edota ikastetxeetako langileen esku geratu, baizik eta osasun arloko eragileen esku.

- Osasun protokolo "argia" eta "zehatza".

Mobilizazio jendetsua

Azkarki jarraitua izan da gaurko greba. Seaskaren baitan adibidez, ikastetxeen herena itxita izanen da, Peio Jorajuriak Euskal Irratietan zehaztu duenaren arabera. Hezkuntzako lehen mailan du jarraipen handiena jasoko protestak. Gobernuaren arabera irakasleen %38,5 zen greban, sindikatuen arabera, ordea, askoz gehiago.

Hala eta guztiz ere, ikastetxe gehienek gutxieneko zerbitzua segurtatuko dute, umeen zaintza bermatuz –bezpera arte zuten gurasoek zerbitzu hau eskatzeko epea–.

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin eta Olivier Véran Osasun ministroarekin lortu dute sindikatuek hitzordua: 18:30etan Parisen.