argia.eus
INPRIMATU
Mikroplastikoak disolbatzen dituzten nanohodiak garatu dituzte Australian
  • Nanohodi hauek bost milimetrotik beherako plastikoak disolbatzen dituzte, arriskurik gabeko gatzak, karbono dioxido eta ura askatuz.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 12a
Mikroplastikoak.

Australiako hainbat unibertsitatetako ikertzaile talde batek plastiko txikiak katalizatzeko balio duten “nanobobinak” asmatu dituzte. Malguki forma duten hodi hauek nitrogenoz eta manganesoz daude inguratuta, eta hodixkekin kontaktuan sartzean oxigeno molekula erreaktiboak askatzen dituzte. Molekula hauek plastikoari “eraso egiten” diote eta disolbatzea lortzen dute.

Ikerketa Matter zientzia-aldizkarian argitaratu zuten uztailaren amaieran, eta ikertzaileek baieztatu dute erreakziotik askatzen diren gatzek, karbono dioxidoak eta urak ez direla ingurumenarentzat kaltegarriak. Laborategiko ikerketan ikusi dute plastiko txikiz kutsatutako uretan hodixka hauek botata elementu kutsatzaileen %30-45 arteko murrizketa dagoela.

Plastiko txikien kutsadura asko handitu da azken urteetan, eta egoera aldatu ezean arazo larri bihurtuko dira hurrengo urteetan. Xiaoguang Duan ikerketaren egileetako batek oraindik garatzen ari direla esan du: “Ikerketa kontzeptuen proba fasean dago, laborategian ari gara lanean”, adierazi du. Arazoaren larritasuna dela eta, gogorarazi du “prebentzioa dela irtenbide onena”.