argia.eus
INPRIMATU
Mikroplastikoak aurkitu dituzte Antartikako elurretan, lehen aldiz
  • Zeelanda Berriko Canterbury Unibertsitateko hainbat ikerlarik egin dute aurkikuntza, baina ez dakite noiztik dauden mikroplastikoak bertan.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 09a

Ikerketaren arabera 29 mikroplastiko-partikulako batez besteko kontzentrazioa dago Antartikako elurretan. Zenbateko horrek gainditu egiten du berriki Ross itsasoaren eta Antartikako izotz hesiaren artean zenbatutako mikroplastiko kopurua. Batez ere zuntzak aurkitu dituzte eta gehien agertu den plastiko-mota Polia (Polietilen tereftalato) izan da. Plastiko-mota hori botilak, ontziak eta ehunak egiteko erabiltzen da gehienbat. Laginak 2019an jaso ziren.

Plastikoa nondik irten den jakitea zaila dela aitortu eta bi aukera daudela ziurtatu du ikerketak: bertan sortutakoak izatea edo mikroplastikoak urrunetik iritsi izana. Bertan sortutakoak izan daitezkeela aipatzen du ikerketak, izan ere, betan ikerlanean ibiltzen direnen jantzien zatiak izan daitezke edo ikerketa-estazioetako plastikozko ekipoen zati txikiak, edo gaizki kudeatutako hondakinen ondorioa. Ikerketaren arabera, urrunetik iritsi izana ere posible da, izan ere ozeanoko korronteek edo irismen labur edo luzeko zirkulazio atmosferikoak garraiatu ahal izan dituzte mikroplastiko horiek.

Ikerketa Zeelanda berriko Canterbury Unibertsitateko ikerlari talde batek egin du. Taldeko kide dira Alex R. Aves, Laura E. Revell, Sally Gaw, Helena Ruffell, Alex Schuddeboom, Ngaire E. Wotherspoon, Michelle LaRue eta Adrian J. McDonald. The Cryosphere aldizkari zientifikoan argitaratu da ikerketa.

Baseen inguruan mikroplastiko gehiago

Bataz besteko mikroplastiko-partikulen kontzentrazioa 29 partikulakoa da, elur litro bakoitzeko. Hemeretzi lagin erabili dituzte ikerketa aurrera eramateko. Mikroplastiko-kontzentrazio maila altuena Scott eta McMurdo baseen inguruan aurkitu zen, komunikatu batean zehaztu zenaren hirukoitza: 82 partikula litroko. Maila baxuena Erebus glaziarraren mihian aurkitu zen: 4 partikula litro bakoitzeko.