argia.eus
INPRIMATU
Mikromatxismo, egia berdadero, afariketan… Euskaltzaindiaren Hiztegiak 646 forma berri jaso ditu
  • Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea…”.

ARGIA @argia 2023ko uztailaren 12a
Nabarmendu dute forma berriak sartzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa dela lehendik dagoena txukuntzea eta eguneratzea. Argazkia: Euskaltzaindia

Joño, kieto, gutasun, nabarrismo, pupa, zurgai, euskara gaizto, dudan egon, pott eman, pott egin, ostia txar, negar-marraska, kokorreraino, liburu elektroniko, indukziozko... dira azken eguneraketan gehitu diren sarrera eta azpisarrera batzuk. Guztira 646 forma berri (295 sarrera eta 351 azpisarrera) bildu ditu eta 1.130 forma moldatu (938 sarrera eta 192 azpisarrera).

Aldaketa guztiak lotura honetan ikusi daitezke.

Miriam Urkia euskaltzain osoak nabarmendu nahi izan du forma berriak sartzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa dela lehendik dagoena txukuntzea eta eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileraren arabera berrantolatuz, esaera zaharrei atal berezia eskainiz eta abar: “Lehendik barruan zegoen informazioari ikusgarritasuna eman zaio eguneratze honetan: sarrerak berrantolatu ditugu, ezkutuan gera zitekeen informazioa bistaratu... Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea...”.

Forma berrien artean daude joño, kieto, gutasun, nabarrismo, pupa, zurgai, pott eman, ostia txar, negar-marraska, kokorreraino, liburu elektroniko...

Kontsultarako hobetuta

Bestalde, eguneraketaren berri ematearekin batera Euskaltzaindiak gogoratu du Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin zela otsailean: “Batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da”.