argia.eus
INPRIMATU
Mikro ireki morea
  • Astelehenero izaten dira Jam Sessionak Iruñeko Intermezzon, Nafarroako musika kontserbatorioko tabernan. Jazz ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendua da gehienbat espazioa eta, jazzaren munduan ohikoa den bezala, hau ere espazio maskulinizatua da erabat.

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2020ko martxoaren 17a
Argazkia: Amets Aranguren Arrieta

Baina gaurkoa berezia da. Emakume langilearen egunaren biharamunerako, Kontserbatorioko Emakumeen Mugimenduak antolatu du martxoaren 9 honetako gaualdia. 21:00etan dugu hitzordua, eta 20 minutu falta direla, tabernako aulki guztiak daude hartuta. Poza eta urduritasuna sumatzen dira gaurkoa prestatzen aritu diren nesken artean.

Kontserbatorioko ikasleek antolatua izan bada ere, kanpoko emakumeei ere eskaini zaie parte hartzeko aukera, mikroa irekia da. Baina bai, “hain irekia ez da izanen, nik ezin badut jo” entzun behar izan dugu aho batetik baino gehiagotik.

Esan bezala, Intermezzoko oholtza esperimentatzeko da gehienbat, kontserbatorioko “perfekzio” eta presio horietatik at, disfrutatzeko. Seguraski, horregatik ez du parte hartzen emakume askok. Normalean emakumeok zerbait ongi eginen dugula ziurtaturik ez badugu, ez baikara ausartzen publikoaren aurrean egitera. Gaur da eguna. Jazza, modernoa, popa, jota… gaurkoan berdin dio. Kontua eszenatokira igo eta ahotsa goratzea da. Ordu laurden pasa da 21:00etatik eta tabernako atea ez da geldirik egon. Lepo dago Intermezzo.

Komunikatu batekin hasi da mikro irekia, elebitan. “Mikro ireki hau kontzientziari egiten diogun deia besterik ez da (…). Zain ditzagun hitzak, bihotzak eta pertsonak banako gisa”. Txalo zaparradaren ondotik hasi da festa.

Alfonsina Storniren La Loba poema irakurri du Núriak eta poeta argentinarrari eskainiriko Alfonsina y el mar kanta interpretatzera igo dira jarraian Oihana, Rosa eta Carmen.

Lagunok, taberna honetan ez da jende gehiago kabitzen. Eta, hala ere, giro erabat intimo batek besarkatzen du dena.

Nerea Erbiti kantu irakaslea izan da oholtza hartzen hurrengoa, beste bi ikasleren laguntzaz, Teresa Zabalza lankide konpositorearen kanta bat interpretatu du.

Paula izeneko neska batek aurkeztu du bere burua jarraian eta gitarra hartuta Toxic abestu digu. Ez da pasa didaten zerrendan agertzen, ez dakit nor den, baina jakin nahi dut.

Saxofoi gelakook ere gure ekarpentxoa egin nahi izan dugu eta Ida Gotkovsky konpositore frantziarraren pieza bateko mugimendu bat eskaini dugu, kuartetoan.

Eta adrenalina jaisten ari zaigula igo dira Ainara eta Júlia eta Matxalen, eta jarraian Teresa eta Irati, eta haien ondotik Marta, Iranzu, Clara, Anne, Garazi, Bea, Amets… eta entzun ditugu haien aho eta eskuetatik Meghan Trainor, Napoka Iria, Sílvia Pérez Cruz eta Billie Holiday…

Eztanda egin du denak, eztanda egin dugu denok.