argia.eus
INPRIMATU
Mikis Theodorakisen dei larria Grezian demokrazia, lurra eta askatasuna defenditzeko
  • Mundu mailan ezagututako musikariz gain Greziako erresistentziaren ikur bizia den Mikis Theodorakisek idatzi larri  bat plazaratu du, Troikaren erasoari aurre egitera greziarrak animatuz. Mikis Theodorakisen idatziarekin bat egin dute hainbat pertsonalitate ezagunek, tartean George Kasimatis jurista beteranoak, Dimitris Konstantakopoulos kazetari eta idazleak, Dimitris Bellantis doktore eta Syrizako komite zentraleko kideak, eta beste dozenaka intelektuak, ekintzaile eta politikarik, eskatuz Greziako herritarren borondatearekiko errespetua -erreferendumean garbiki nabarmendu zena- eta 2010etik Grezia eta bere jendeak suntsitzen ari den "asesinatze ekonomikoa" behingoz etetea.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko abuztuaren 07a
Mikis Theodorakis musikariak greziarren lurra, demokrazia eta ongizatea defenditzeko dei larria zabaldu du. (Argazkia: The Press Project)

Theodorakisek bere idatzian dioenez, "[Troikak] 2010etik ezarri dituen memorandumek Greziaren konstituzioa urratzen dute, Europako eta nazioarteko legedia bezala. Dagoenekoz eragin dute 1945etik Mendebaldeko Europak ezagutu duen hondamendi ekonomiko eta sozialik handiena. Grezia darabilte laborategiko sagutzat, Europan estatu soziala eta demokrazia suntsitzeko metodoak probatu ahal izateko. (...) Herritarren egoera moral eta material oinarrizkoenari eutsi ahal izateko, programa hori eten beharra dago, ahal bada Europar Batasuneko beste herrialdeekin elkarlanean eta hau posible ez bada modu unilateralean. Sinatu berri den akordioa umiliazioa eta bitarteko ilegalak erabiliz ezarri da, eta ondoriotzat ekarriko du greziarren ondasun publiko eta pribatuen lapurreta, horien artean egoitza nagusiak, nekazaritzako lurrak eta herrialdeko bankuak".

Sinatzaileek dei egin diote Greziako populuari: "Gure historiako unerik dramatikoena den honetan: ez dezagun galdu adorea, gogoratu dezagun gaurko greziarren lehengo arbasoek zenbat sufritu zuten, 1941-1944ko alemanen okupazioan eta hauek ekarri zuten 1941-1942ko gosetean, eta biziraun zutela erresistituz eta azkenik garaipena lortuz. Greziarren harrotasunak eta abertzaletasunak garaituko dute beldurraren gainetik, horrela irabaziko dute gudu hau Greziak, Demokraziak eta Europa demokratikoak. (...) Greziarrok organizatu behar dugu borrokatzeko zuzenean, ahulenei lagunduz gosearen izuaren aurrean, gaixotasunaren aurrean, miseriaren aurrean, pertsona hauei lagunduz beren duintasunari atxikitzen, eta ondoren ez uzteko Estatua eta gizartea suntsitu ditzaten, hirugarren memorandum honek aurreikusten duen gisan, gizartearen eta estatuaren funtzio oinarrizkoak bermatuz eta aurre eginez inposatutako neurri berriei. (...) Greziarrok kontuak atera behar ditugu hainbeste esperientzia mingarritatik eta sortu erresistentzia serio bat itsukeriaz ez sinesteko salbatzailetzat aurkezten direnei, abentureroei edo oportunistei. Finantzen totalitarismo berriaren aurrean, zeina baita 1930eko eta 1940ko totalitarismoak baino arriskugarriagoa, guk ez daukagu aukerarik, elkar hartu behar dugu borroka egiteko eta oraintxe egin behar dugu. Bihar beranduegi izan liteke Europa osoarentzako, Humanitate osoarentzako".

Agiriak dio amaieran: "Η Ελλάδα θα νικήσει, η Δημοκρατία θα νικήσει, η δημοκρατική Ευρώπη θα νικήσει!". Euskarara ekarrita: Greziak garaituko du, Demokraziak garaituko du, Europa demokratikoak garaituko du!