argia.eus
INPRIMATU
Mikelekin elkartasunez, Aramaion ere gona jantzi dute ikasleek
  • Arropak generorik ez duela adierazteko, dozenaka haur gona jantzita joan dira gaur eskolara.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko azaroaren 16a
San Martin eskolako haurrak. Argazkia: Arabako Alea / Saioa Uriarte.

Aramaioko San Martin eskolako 6. mailako LHko ikasleen ekimenez, Bilboko Mikeli elkartasuna adierazi diote, eta hainbat ikasle gona jantzita joan dira gaur. Arropak generorik ez duela aldarrikatu nahi izan dute horrela.

15 urteko Mikelek Tik Tok sare sozialean egindako salaketari jarraiki, batean eta bestean gona jantzita agertu dira egun hauetan ikasleak. Oñatiko Zuazola-Larraña institutuko ikasleek adierazi zioten elkartasuna lehendabizi, eta gaur Aramaioko ikasleak batu dira.

Mugimendua, Kanadatik

Janzkera sexistaren aurka, mutilek gona janzteari ekin zioten urrian Kanadako hainbat ikastetxetan, eta Bilboko Mikelek mugimendu hari heldu zion bere nahia betetzeko. Ikasleen mespretxua lehenago, eta eskolako zuzendaritzaren babes falta izan zuen gero; eskolako psikologoak galdetu zion mutil ala neskatzat duen bere burua.