argia.eus
INPRIMATU
Mikel Zabalzari egindako torturez arituko dira Europako Batzordean
  • Mikel Zabalza torturatu zutela eta Intxaurrondoko kuartelean sistematikoki torturatzen zela frogatzen duen audioak argia ikusi ostean, kasua Europako Batzordera eramango du hainbat alderdi politikok. Espainiako Estatuan atxiloketetan ez dadin torturatu mekanismorik ba al duen galdetuko zaio Europako Batzordeari, besteak beste.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 02a

Bi bidetatik ailegatuko da Mikel Zabalzaren kasua Europara. Batetik, EH Bildu, EAJ, ERC, Junts eta Antikapitalistek hainbat galdera eramango dute. Tortura horien gainean zer dakiten eta zein iritzi duten galdetuko dute Batzordean, baita ea mekanismorik ez al dagoen Espainiako Estatuan atxiloketetan inor ez dadin torturatua izan.

Estrasburgoko Auzitegiak hamaika aldiz kondenatu du Espainia torturak ez ikertzeagatik, eta horietako zazpi kasutan Fernando Grande-Marlaska epaile zela aintzat hartuta, Batzordean galdetuko dute ea egokia al den Grande-Marlaska izatea Espainiako Barne ministroa.

Bestalde, Podemosek ere bere aldetik eramango du gaia Europara. Polizia-etxeetan egindako torturak ez ikertzea ea normaltasun demokratikoa ote den galdetuko du, eta epe batera ezkutuko dokumentuak desklasifikatzeko lege baten beharra jarriko du mahai gainean. Izan ere, Francoren garaiko Sekretu Ofizialen Legeak dio dokumentu bat desklasifikatu ahal izateko Espainiako Gobernuak baimena eman behar duela lehenik, eta horren ondorioa da sekretuan mantendu nahi dena ez dela desklasifikatzen.

Non dago Mikel? dokumentalak mahaigaineratzen duen zauri irekia ixteko egia eta justizia beharrezkoak direla dio Podemosek, “inongo biolentziarik errepikatuko ez dela ziurtatzeko”.