argia.eus
INPRIMATU
Mikel Zabalzaren oroimenez, ekitaldiak antolatu dituzte asteburuan
  • 35 urte betetzen dira aurten Mikel Zabalza Bidasoan hilik agertu zenetik, Guardia Zibilak atxilotu ostean. Urteurrenaren harira, Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak ekitaldiak antolatu ditu asteburuan.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 26a
(Argazkia: Directa.cat)

Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu eta hilik agertu zenetik, 35 urte betetzen dira aurten. Urteurrenaren harira, urtero legez, Mikel Zabalza Herri Ekimenak ekitaldiak antolatu ditu aurten ere. Zabala oroitu, justizia eta egia eskatu, eta errepresioa berriz gerta ez dadin bermatzea dute xede ekitaldiek.

Aurtengo ekitaldiak pandemia testuingurura egokitu behar izan dituzte, eta neurriak kontuan hartuta burutuko dituzte ekintzak. Ekitaldi nagusia azaroaren 28an egingo dute, Aurizko kultur etxean; segurtasun arrazoiengatik aforoa mugatua izango denez, gonbidapenekin baino ezingo da sartu bertara, baina Ahotsa.info-k streaming bidez emitituko du ekitaldia.

Biharamunean, igandez, oroimen ekitaldia egingo dute Orbaitzetako Olan, Zabalzaren oroitarriaren bueltan, 11:00etan. Herri lore eskaintza egitea da asmoa. Berrikuntza modura, aurten kotxe-karabana egingo dute bertaraino, eta behin bertara heldutakoan, banan-banan loreak utziko dira oroitarrian. Karabana egitearen ideia iraganetik berreskuratu dutela azaldu diote Naiz hedabideari antolatzaileek; izan ere, 1985eko abenduaren 18an, Mikel Zabalzaren hileta egunean, traktore eta auto ugarik errepideak hartu zituzten, familiari elkartasuna adierazteko.

Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta abenduaren 15ean bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen. Bertsio ofizialaren arabera, ustezko zulo baten bila eraman zuen Guardia Zibilak Zabalza, eta hark ihes egin zuen, Bidasoa ibaira jauzi eginez. Senide eta lagunek beste bertsio bati eutsi diote urte guzti hauetan, defendatuz Guardia Zibilek tortutatu eta hil zutela.