Arturo Espejo Teniente Jenerala 2022an Laguntza Aginteko buru izendatu zuen Marlaskak. Guardia Zibilaren buruzagitzako lau kideetako bat da.
Arturo Espejo, 1985ean Mikel Zabalzaren tortura eta hilketa kasuekin inplikatutako guardi zibiletako bat, erakunde militarraren posturik altuenetan dago egun, Naiz-ek jakitera eman duenez. 2022ko otsailean teniente jeneral izendatu zuen Margarita Robles Defentsa ministroak. Erakundeko mailarik altuena da hori, bost jeneral baino ez baitaude. Handik hilabete eskasera, berriz, beste igoera bat izan zuen Espejok; martxoaren 2an Laguntza Aginteko buruzagitza postua eman zion Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak.
Beraz, Guardia Zibilaren buruzagitzako lau kideetako bat da Espejo. Erakundeko zuzendari nagusiaren mende dago, eta bere ardura "finantza-baliabideak zuzendu, koordinatu eta kudeatzea eta baliabide materialen politika garatzea" da.
Duela urtebeteko kontua da Guardia Zibilaren postu igoera, baina joan den ostegunean jakin zen. Izan ere, martxoaren 30ean Espejok agerraldia egin zuen Diputatuen Kongresuan, 2014tik 2019ra bitartean Guardia Zibilaren hamahiru konponketa- eta erreforma-lanen esleipenetan salatutako irregulartasunen inguruan hitz egiteko.
Agerraldi hori baino astebete lehenago, martxoaren 22an, María Gámez Guardia Zibileko zuzendariak postua utziko zuela adierazi zuen, bere senarra Andaluziako enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz inputatu zutela jakin ostean. Gamezekin batera agertu zen lau teniente jeneraletako bat izan zen Espejo.
Mikel Zabalzaren heriotza
1985eko azaroaren 26an, Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra atxilotu zuen Altzan. Intxaurrondora eraman eta torturatuta hil zuten, hainbat frogek erakusten dutenez. Besteak beste, 2021eko otsailean filtratutako audio batek erakusten du, Zabalza kasuaz hizketan, Intxaurrondoko kuartelean sistematikoki torturatzen zutela. Garai hartan Intxaurrondoko tenientea zen Arturo Espejo.
Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilak Zabalza atxilotu egin zuen, eta eskuburdinak jarrita zituela, arma zulo bat erakustera eraman zuen. Orduan, haietako bat jo eta zulo estu batetik ihes egin omen zuen. Handik hogei egunera hilda agertu zen Endarlatsa inguruan, egunero miaketak egiten ari ziren zonaldean. Bertsio ofizialaren arabera, arma zulo horren bila berarekin joan zen Espejo, Fernando Castañeda eta Gonzalo Pérez García guardia zibilekin batera.
Gaur egun ofizialki dago onartuta Zabalza Guardia Zibilaren torturen ondorioz hil zela. 2022ko otsailean Jaurlaritzak estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen orbaizetarra, baina Espainiako Gobernuak oraindik ez du urrats hori eman
Alderdi politikoen erreakzioak
Espejoren postu igoerak hautsak harrotu ditu, eta hainbat alderdi politikok azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuari. EH Bilduk Marlaskaren agerraldia eskatu du Diputatuen Kongresuan, Espejoren igoeraren arrazoiak eta agente horrek Zabalza auziarekin duen harremana azaltzeko.
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak ere hainbat galdera zuzendu dizkio Espainiako Gobernuari. Besteak beste, galdetu dio ea baduen asmorik Zabalza Poliziaren abusuen eta torturen biktima gisa aitortzeko. Unidas Podemosek galdetu dio ea Lakuako txostenaren inguruan zein neurri hartuko dituen, eta Espejoren igoera Zabalza kasuarekin lotuta ote dagoen.
Biktimen senideak, "nazkatuta"
Egiari zor Espainiako eta Frantziako estatuen biktimen fundazioak komunikatua atera du kasuaren berri jakin ostean. Fundazioak salatu du Espejoren igoera biktimak eragin dituzten inplikatuen kasu "ugarietan", bat gehiago dela. "Nazkatuta gaude hainbestetan erasoak pairatzeaz, jasaten dugun irain eta umiliazioak neurtzeko dagoen moral bikoitzaz eta baita hipokresiaz ere". Hala, arduradun politikoei, Arartekoari eta Euskal Herriko erakundeei adierazpenak egiteko eskatu diete.