37 urte dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu, torturatu eta hil zuenetik, baina Espainiako Gobernuak aitortu gabe jarraitzen du. Igandean Zabalza oroitu dute jaioterrian, Orbaizetan, eta bizileku zuen Donostiako Altza auzoan. Eneko Etxeberria Naparraren anaiak gogorarazi du torturak ez direla kasu isolatuak.
Mikel Zabalza Guardia Zibilak torturatu eta hil zuenetik 37 urte igaro dira, eta igandean omenaldiak egin dizkiote Orbaizetan, jaioterrian, eta Donostiako Altza auzoan, bizileku zuen tokian. Bietan exijitu dituzte Zabalzaren heriotzaren erantzukizunak, Espainiako Gobernuak oraindik aitortu gabea baitu Poliziaren indarkeriak hil zuela.
Orbaizetako Arma olaren parean Mikel Zabalzaren oroimenezko harria dago, eta bertan elkartu dira familia eta herritarrak. “Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea” aldarrikatu dituzte, 37 urtez egin duten moduan, nahiz eta Madrilek denbora horretan joera aldaketarik ez egin. Pasa den otsailean Eusko Jaurlaritzak Zabalza Poliziaren indarkeriaren biktimatzat aitortu zuen, baina ez Espainiako Gobernuak. Hala ere, “egiak bide egiten duela” ziurtatu du Eneko Villegas ‘Mikel Zabalza gogoan’ herri ekimeneko kideak: “Aspaldiko audio batzuetan edota estatuko indarkeria maneiatu duten horien ahotsetan”. Lehenean, Intxaurrondon torturatu egiten zela frogatu duen audioaz ari da; eta bigarren, Barrionuevo barne ministro ohiak estatu terrorismoa aitortu eta babestu zuela duela hiru aste.
Mikel Zabalzaren auzia ez da kasu isolatua, eta hori gogorarazteko Orbaizetako omenaldian izan da Eneko Etxeberria 1980. urtetik desagertuta dagoen Jose Miguel Etxeberria Naparraren anaia ere. Familiaren aldetik, Mikelen arreba Arantza Zabalzak hartu du hitza, eta bertaratutakoei eskerrak eman dizkie. Urteroko legez aurreskua dantzatu du Mikelen hilobak, eta lore eskaintza egin dute Orbaizetako Udalak, herri ekimenak eta Naparraren familiak.
Hemen Ahotsa.info-k egindako Orbaizetako ekitaldiaren bideoa:
Donostiako Altza auzoan Mikelen Txokoa izendatutako lekuan haren omenezko murala dago, eta aurten ere, bizilagunek eta senideek ez dute huts egin: aurreskua, lore eskaintza eta Zabalzaren auziaren inguruan egia aldarrikatzeko hitzak. Irutxuloko Hitza-k igandeko kronika egin du. ‘Mikel Zabalza gogoan’ herri ekimenak azaldu du Denis Itxasori, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, bilera bat egiteko eskaria egin diotela gutun bidez, Mikel Zabalza Poliziaren biktima gisa aitortu dezan Madrilek.
Denis Itxaso duela bi urteko omenaldian izan zen, baina “keinu pertsonal gisa”. Herri ekimenak, ordea, urrats politikoak eta instituzionalak eskatu dizkio, eta inkoherentetzat jo ditu omenaldira joatea eta gero estatuaren sekretu ofizialak ez argitaratzeko erabakia.