Mikel Zabalza gogoan izango dute Altzako bizilagunek, bere erailketaren 36. urteurrenean.
Ostiralean Larratxoko Kultur Etxean antzerki eta dokumental emanaldia izango dira, eta larunbatean, ekitaldia, 12:00etan Altzako Plazan “Mikelen Txokoan”. Mikel Zabalza Herri Ekimenak antolatu ditu ekimenok.
Ostiralean, 19:00etan hasiko da Tanttaka antzerki taldearen Adiorik gabe antzerki-ekimena. Antolatzaileen arabera saioak “kendu zizkiguten pertsonen memoria berreraikitzen du, eta biktimekiko emozioak, enpatia eta elkartasuna adierazteko topagune bat eskaintzen dio gizarteari”. Ostean, Vida robadas por la tortura en Euskal Herria laburmetraiaren proiekzioa izango da. Dokumental honetan “tortura gure lurraldeko ertzain etxeetan ohiko praktika izan dela frogatzen da”, antolatzaileen arabera.
Lasa eta Zabala 1983ko urriaren 15ean bahitu zituen GAL taldeak Baionan. Iheslariak Alacanten (Herrialde Katalanak) bortizki erail baino lehen, Aieteko La Cumbre jauregian eduki zituzten bahituta. Bertan, torturak pairatu zituzten gau eta egunez. Aurtengo otsailean argitaratu diren grabazio batzuetan, kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian geratu zen. Zabalza 1985eko azaroaren 26an erail zuen Guardia Zibilak.
Joan den astean Navarra Suma alderdi nafarreko Iñaki Iriartek “autokritika” egin zuen: “Autokritika egiten dugu. Ez genuen jakin German, Zabalza, Arregi eta gainerakoei kariñoa adierazten, edo justizia jasotzeko eskubidea zutela esaten”. Senideek hitzak eskertu zituzten arren, “berandu iritsi” zirela esan zuten, “bigarren mailako biktima” izan direla azken urteetan.