Dozenaka lagun batu dira astearte arratsaldean, 35 urte atzera Mikel Zabalzaren gorpua agertu zen egunean, Donostiako Intxaurrondo auzoko Guardia Zibilaren koartelaren aurrean. "PSOE, Guardia Zibila: Egia zor diguzue" lelopean, aurpegiratu diete hainbeste urteren ostean, inork ez duela azalpenik eman. "Mikel Zabalzaren hilketaren inguruan egon den 35 urteko inpunitatea amaitu dadila eta egia, justizia eta erreparazioa exijitzen dugu, eta Guardia Zibilak Euskal Herria uzteko beharrezko urratsak lehenbailehen eman daitezela eskatzen dugu", adierazi dute deialdia egiteko baliatu duten idatzian.
Azaroaren 26an 35 urte bete dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra bere Altzako etxean atxilotu zuenetik. Polizia operazio berean, beste hiru pertsona gehiago ere atxilotu zituzten, artean Idoia Aierbe Donostiako Bidebieta auzoko bizilaguna. Baldintzarik gabe aske utzi zituzten eta salatu zuten torturatu egin zituztela. Mikel Zabalza ordea, ez zen sekula bizirik agertu. Ia handik hilabete batera, abenduaren 15ean bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen, tortura zantzu nabarmenekin. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilaren eskuetatik ihes egin zuen eta ihesean bere burua bota zuen ibaira, nahiz eta ez jakin igeri egiten eta eskuak lotuta eduki.
Donostiako Sortuk garai hartan agintean zen PSOE alderdiari eta Guardia Zibilari azalpenak eskatu dizkie Intxaurrondon egindako kontzentrazioan bertan. Dozenaka lagun batu dira aldarrikapena egiteko, Ertzaintzaren furgoneta batek zaindu duen ekimenean.
Beren hitzetan, gaur egun gezurretan tematzera inor ausartzen ez bada ere, aitortza ofiziala ez da iristen. Gogorarazi dute 2010. urtean, Espainiako epaitegiek auzia ixtea erabaki zutela, eta Zabalzaren heriotza argitu gabe geratu zela. "Atzera begiratu eta euskal gatazka politikoaren testuinguruan gertatutakoaz kontakizunak egiten ari garen honetan, torturak zigorrik gabeko orbana izaten jarraitzen du. Euskal Memoria Fundazioak, besteak beste, 5.657 tortura kasu egiaztatu ahal izan ditu, eta errolda etengabe hazten ari da. Zenbaki horrek, torturak Euskal Herrian suposatu duen drama sozial eta humanoaren argazki osatu gabea eskaintzen digu, baina, aldi berean, agerian uzten du ez garela kasu isolatuez ari".
Alderdi independentista ezkertiarrak salatu du tortura "gertakari masiboa" izan dela Euska Herrian, "sistematikoa, bizitza zibil osoa hartu duena". Beren ustez, horrek erakusten du "herri hau jazartzeko Estatuek baliatu duten gerra-bitartekoa izan dela".
"Salaketa publikoa, torturatuaren gorputz ahitua eta ezerezte psikologikoa, edo Mikelen kasuan bezala heriotza bera, ez dira froga nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kentzen ziotenentzat. Duela 35 urte, begien bistakoa zena ukatzen saiatu zen Espainiako Gobernua. Eta asmatu nahiz defendatu zuten gezurra hain nabarmena izan zen, ezen guztiz agerian geratu baitzen estatua edozer egiteko prest zegoela torturaren erabilera ukatzeko", adierazi dute kontzentrazioa deitzeko zabaldu duten idatzian.
Torturak salatu dituen herritarrak, ukazioari eta kriminalizazioari ez ezik, "salatuaren zigorgabetasunari" ere aurre egin behar diola uste du Sortuk. "Ukazioa eta inpunitatea, horixe izan da tortura Euskal Herrian". Mikel Zabalzaren kustodiatzeko ardura izan zuen guardia zibileko teniente Gonzalo Perez Garcia, esaterako, komandante mailara igo zutela gogorarazi dute.
"Gaur, orain, ez da inondik ere nahikoa ahapeka onartzea 1985ean gauzak ez zirela gertatu Guardia Zibilak esan zuen moduan. Espainiako Estatuak egia zor du. Guardia Zibilaren eta Estatuko erakunde nagusien ardura zuen PSOEk ere egia zor du. Egia jakin behar dugu: nortzuk torturatu zuten Mikel, noren aginduz, nork antolatu zuen gezur hori guztia. Behingoz onartu behar dute tortura erabili duela euskal herritarren kontra, hori ez dela bidezkoa eta, batez ere, ez dela berriro gertatuko. Eta, jakina, Mikelen familiak justizia eta erreparazioa behar du".
Guardia Zibilaren historia Euskal Herrian, tortura, hilketa eta gezurraren bidez idatzitako historia dela adierazi dute, "beldurraren bidez iraunarazitako okupazio baten historia", borobildu dute. Horregatik, Zabalzaren kasuan egia guztia jakinarazteko eta Guardia Zibilari Euskal Herritik kanpora joateko dei egin diote.
#MikelZabalza: 35 urteko inpunitatea#Tortura #AldeHemendik #Memoria #Donostia #Intxaurrondo pic.twitter.com/iURdZYIy7t
— Sortu Donostia (@SortuDonostia) December 15, 2020