Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Kargu publikoan izandako ibilbidearen ostean, Mutualian lan egitea ahalbidetu dio Jaurlaritzak Mikel Sánchezi. Agintari ohiei kargua utzi eta bi urte pasatu arte enpresa pribatuetan lan egitea ukatzen dien lege bat 2014tik indarrean dagoen arren, Sánchezek jauzi egin du Mutualiara autorizazio berezi baten bidez, Diario Vasco-k informatu duenez.
Jaurlaritzak baimena eman dio Sanchezi, kargu publikoan zegoen bitartean Mutualia enpresarekin loturarik ez zuela eduki argudiatuta. Modu berean sartu da Gotzone Sagardui, Osasun sailburu ohia, osasungintza pribatuaren alorrean.
Mutualiak 430.000 langile baino gehiago hartatzen ditu Espainiako marko osoan, eta batez ere, laneko istripuak eta gaixotasunak kudeatzen ditu. Osakidetzak sarritan bideratzen ditu traumatologiako operazioak enpresa pribatu horretara.
2022an, Osakidetza eta Mutualiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, eta haren bidez, bi erakundeek erabiltzaileen mediku-historiak partekatzen dituzte. Sagardui sailburu zela eta Sánchez zuzendari, akordio hori sinatzeak oposizio politiko eta sindikal garrantzitsua eragin zuen, mediku datuen konfidentzialtasunaren urraketa posiblea salatu zuten. Horrez gain, iaz 300.000 euroko ordainketa egin zion Osakidetzak Mutualiari, traumatologiako kasuei lotuta.