argia.eus
INPRIMATU
Mikel San Sebastian Lesakako presoaren lagun batek istripua izan du bisita batetik bueltan
  • Murtziako espetxean dagoen Mikel San Sebastian preso politikoaren lagun batek kotxe istripua izan zuen igande goizaldean Oiartzunen, Murtziatik bueltan zetorrela. Astelehen honetan Iruñean, 20:00etan, PPren egoitzaren aurrean kontzentrazioa eginen du Etxeratek sakabanaketarekin amaitzea eskatuz.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2017ko apirilaren 03a
Gidaria onik atera zen, baina autoa txikitua geratu zen. (Arg.: Ahotsa.info)

Mikel San Sebastianen laguna igande goizaldean iritsi zen Lopidanara Murtziatik zetorren Mirentxineko furgonetan eta, ondoren, bere autoan itzulera bidaia egin behar zuen Lesakaraino. Oiartzungo bidesaria igaro ostean, euri-erauntsi baten erruz autoaren kontrola galdu eta errepideko erdibitzailearen aurka jo zuen. Autoa erabat birrindua geratu da, baina Mikel San Sebastianen laguna onik atera da.

Ezbehar berri honekin, 10era igo da espetxera bidean edo bueltan aurten istripua jasan duten euskal preso politikoen senide eta lagunen kopurua. Sakabanaketaren 28 urte luze hauetan, euren bisita-eskubidea bermatu ahal izateko "dispertsio politikak ezartzen dituen arrisku eta kostu fisiko, psikiko eta ekonomikoei aurre egin" behar dietela salatzen du Etxeratek. Elkarteak gogorarazi nahi du "desplazamendu behartuen egoerak 16 biktima eta 400 istriputik gorako balantze beldurgarria" utzi duela, oraingoz.

Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra