Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.
Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria EHUren ELEBILAB ikerketa taldean aritutakoa da eta gaur egun Emun kooperatiban euskara aholkulari ari da. Euskaltzaindiaren Mintzola bekari esker amaitzear duen ikerketa lanaz hitz egin du Euskadi Irratian. Kode alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan lana otsailean aurkeztuko du.
305 euskaldunen kode alternantzia jarrerak eta erabilerak aztertu ditu Perezek. Euskara-gaztelania konbinazioan, batez ere euskara gaitasunak nola eragiten duen aztertu du, arreta aldagai horretan jarri du.
Bi hizkuntzen arteko konbinazio praktika ez da “kaos bat”, badira hizkuntza patroi batzuk praktika horretan. Hiru esaldi mota daude identifikatuta kode alternantziaz hitz egiten denean: esaldi arteko kode alternantziak; esaldi berean zati bat hizkuntza batean eta beste zati bat beste hizkuntza batean egitea; eta etiketa bidezko kode alternantzia, euskaraz ari garela, adibidez, en plan, osea… erabiltzea.
Nork nahasten ditu bi hizkuntzak, eta zergatik?
Perezek, bere ikerketari begiratzeaz gain, Euskal Herrian eta nazioartean egin diren ikerketen emaitzak aztertu ditu, eta horiek jasotako ondorioa azpimarratu du: "Ezin zaio hizkuntza gaitasunari soilik egotzi kode alternantzia, euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna". Hala adierazi du Perezek Euskadi Irratian: “Batzuk lexiko hutsuneak bete nahian dabiltza edo adierazkortasun gabeziak dituzte, eta horregatik alternatzen dituzte bi hizkuntzak, baina beste batzuk gai dira euskaraz adierazteko, eta hala ere, gaztelania erabiltzen dute”.
Perezek azaldu duenez, euskara gaitasun baxuagoa dutenek altuagoa dutenek baino gehiagotan erabiltzen dute kode alternantzia, euskarazko hitzak etortzen ez zaizkielako, baina gaitasun altuagoa daukatela esaten dutenek bestelako arrazoiak dituzte gauza bera egiteko: solaskidea euskarara gerturatzeko, hizkera informalagoa egiteko, edo euskara hutsean ez egiteko. Ikerlariari zer pentsatua eman die erantzun horiek: “Euskara gaitasun baxuagoa daukanak dio euskarazko hitzak etortzen ez zaizkiolako egiten duela alternantzia; ados, hori aurreikusgarria zen. Baina euskara maila altuagoa dutenek diote euskara informalagoa egiteko darabiltela, eta hori gaztelania erabilita lortu nahi dute”.
Perezek alternantzia praktikatzeko arrazoi gehiago ere aipatu ditu: boterearen kontrako errebeldia moduko bat; gaztelania ere badakiela erakusteko, nolabait prestigioa edo estatusa erakusteko… Adibide bat eman du ikerlariak: euskaraz gaztelaniaz baino erosoago egiten duen hiztunak continuamente hitza erabil dezake, nahiz eta hori euskaraz esaten jakin.
Egoera komunikatiboaren arabera
Ez da gauza bera gurasoekin aritu, ikasgelan egon, edo lagunartean. Alternantzia gehiago edo gutxiago dago egoera komunikatiboaren arabera. Azterlanean ikusi du euskaldunek euskara-gaztelania alternantzia gehiago egiten dutela lagunartean, jai giroan edo kalean, eta askoz gutxiago eskolan ahozko saioetan. Perezen ustez, egoera formaletan alternantzia saihesteko joera handiagoa daukagu, murriztera jotzen dugu.
Kode alternantzia praktikatzea ez dute denek berdin baloratzen. Hobeto onartzen dute etxetik erdaldun direnek eta euskara gaitasun baxuagoa daukatenek. Aldiz, beren burua euskaldunagotzat dutenek okerrago hartzen dute hizkuntzak nahastea.