Mikel Otero, EH Bilduko Trantsizio Ekologikorako bozeramaile eta idazkari zaren aldetik, gutun ireki honen bidez, ekarpen eta galdera batzuk egin nahi dizkiogu herri honetan trantsizio energetiko eta ekologikorako ematen ari den planteamenduari eta estrategiari.
Bizi dugun krisi klimatiko, energetiko eta eko-sozialari erantzuteko aurkeztu den proposamenean, funtsezko bi zutabe planteatzen dira: bat, energia-kontsumoa murriztea. Eta bi: energia berriztagarrien bidezko hornidura.
Lehen puntuari dagokionez, azaltzen den horretan ez da zehazten zertan datzan energiaren kontsumo murrizketa. Kontsumitzen den energia erdira jaitsi behar dugula esaten da. Argitu beharko da kontsumo txikiago hori ez duela soilik gastu elektrikoarena izan behar, hori ez dela gaur egun kuantitatiboki gehien erabiltzen dugun energia. Erabiltzen dugun energia gastu handiena (%80) erregai fosilena da. Eta %80ko energia fosil hori guztia ez da elektrifikagarria. Planteamendu horretan, beraz, desazkundera bideratu beharko litzatekeen estrategia beharko luke egon. Erdia kontsumitu behar badugu, erregai fosilen erabilera ere murriztuko duen planteamendu falta nabarmena da.
Erdia kontsumitu behar badugu, erregai fosilen erabilera ere murriztuko duen planteamendu falta nabarmena da
Energia berriztagarrien bilatze horretan, berriz, ezin da edozein preziotan eta edozer gauza egin. Ez eta orain arte nagusi izan ditugun oligopolioen eskutik ere. Proiektu handi, garesti eta neketsuagoen bila dabiltza horiek. Obra handiak eraikiz jasotzen dituzten etekinak biderkatzen baitira. Zementuan eta azpiegitura erraldoietan oinarritutako politika horri aurre egin behar zaio. AHTarekin ere ez dugu ikasi oraindik: zer atera behar zituen, 2.000 kamioi egunero gure errepideetatik?
"Berriztagarrien demokratizazioaz" ere hitz egiten da, "energia horien gaineko kontrolagatik lehiatu" behar garela. Hemendik aurrera sortzen ditugun proiektuekin bakarrik egingo dugu hori? Zer gertatzen da gaur egun Euskal Herriko lurralde osoan martxan dauden egitura eolikoekin, adibidez? Horien kontrolagatik ere lehiatuko gara? "Dena saldu zen", esaten da. Baina lapurreta bat izan zen! Aurreko bi hamarkadetan Nafarroan eta EAEn instalatu ziren 44 parke eolikoak, guztiak, diru publikoarekin proiektatu ziren. Orain, azpiegitura horiek guztiak Accionaren eta Iberdrolaren esku daude. Energia-multinazional horiek, energia-krisi betean gaudenean, urteko irabaziak argitaratzeaz lotsatzen ez diren berberak dira. Guk, bitartean, argindarra, gasa eta gasolioa, puztutako fakturetan ordaintzen jarraitzen dugu; Galan, Felipe, Jose Maria, Josu Jon eta abarren musikaren doinura. Demokratizatu al daiteke energia eta argindarra, demokrazia bera ere demokratizatu ezin den herrialde batean? 78ko erregimenari eusten dioten agintari hauen artean?
Herriaren interesa (eta erabakia) interes korporatiboen aurretik jarri beharko litzateke
Araban eta Gipuzkoan "Statkraft bezalako proiektuak beharrezkoak izango dira", planteatzen da. Nork jarriko ditu baldintzak hemen, eta zein preziotan? Zer makina mota, nola, eta non jarri, beraiek aukeratzen dute? Edo industriagune degradatuen aprobetxamendua exijituko zaie lehenik, adibidez? Badirudi obra horiek industria-gune horietan egitea ez dela hain errentagarria izango haientzat. Lur eta zementu mugimendu gutxiago beharko dituelako? Hemen ere, herriaren interesa (eta erabakia) interes korporatiboen aurretik jarri beharko litzateke, azken horiek edonondik datozela ere. Norvegiako enpresa hori Europan dagoen energia enpresa handienetakoa da, oligopolio handien lagun eta parte. NorgesBank banketxe norvegiarrak sustatu eta finantzatzen ditu bere lanak. Banketxe hori Iberdrolaren hirugarren akziodun nagusia da, QatarInvestment eta Blackrocken atzetik.
Trantsizio honen ardura hartzea eskatzen bazaigu, lehenik eta behin, hainbeste higatu dugun ingurunea babestu, naturgune gutxien arteko loturak zaindu, eta burujabeago egingo gaituzten tokian tokiko proiektu jasangarriak bultzatu beharko dira. Ezin dugu azpiegitura erraldoiekin lurra eta herria gehiago hipotekatu.
Naroa Lpz. De Armentia Luzuriaga (Gasteiz) eta Mirari Aldalur Gabilondo (Azkoitia)