Otsailaren 5ean Donostian "Trantsizio energetikoa eztabaidan: aukerak eta arriskuak" izenburua duen mahai-inguruan parte hartuko dute Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikorako arduradunak eta Aitziber Sarobe natur kontserbazionistak. Ekitaldi hau lau talde ekologistek antolatu dute elkarlanean: Satorralaia, Eguzki, Haritzalde eta Ekologistak Martxanek.
Gros auzoko Okendo Kultur Etxean izango da mahai-ingurua, 19:00etan hasita. Antolatzaileek prentsara bidali duten oharrean azaldu dute "trantsizio energetikoaren egungo eredua eztabaidan" jarri nahi dutela: "Jakina da, lurraren muga biofisikoak aintzat hartu eta sozialki justua izango den eredu baten oinarriak jartze aldera sistema energetikoa errotik aldatzea dagokigula. Galdera da, zalaparta handiz iragarri duten 'trantsizio energetikoa' delakoa bide horretatik ote doan".
"Une erabakigarri batean gaude" diote, eta horregatik bultzatu nahi dute eztabaida: "Energia berriztagarrien proiektu handien auzian eta gigantismo industrialak ezaugarritutako soluzioei buruz dauden jarrera ezberdinen arrazoiak ezagutu eta eztabaida argigarri bati aukera eman nahi diogu".
Lau talde ekologistek iragarri dute beste ekitaldi bat ere prestatu dutela: otsailaren 27an, Urumeako Mendiak Bizirik herri-ekimenaren aurkezpena egingo dute, Okendoko Kultur Etxean. Bertan izango dira Arano, Goizueta eta Hernaniko bizilagun taldeak, eta haiek azalduko dute Urumeako mendietan Repsol eta Endesa enpresek egin nahi dituzten makroproiektu eolikoen berri.