argia.eus
INPRIMATU
Mikel Otegi euskal preso politikoari biriketako tuberkulosia diagnostikatu diote
  • Mikel Otegi eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainerako euskal preso politikoak aske uzteko eskatu du Etxeratek.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 16a
Preso gaixoak askatzeko 2017an egindako ekintza (Argazkia: Hala Bedi)

Etxerat elkarteak salatu duenez, gaixotasun larriak dituzten 19 euskal preso politikoen artean dago Mikel Otegi. 20 urte daramatza espetxean. Hasieran urte eta erdiz eduki zuten kartzelan eta 2003an atxilotu zuten berriz. Iruñeko espetxean dago egun.

Etxeratek informatu duenez, joan den astean ospitalera urgentziaz eraman behar izan zuten Otegi, eta han diagnostikatu diote biriketako tuberkulosia.

Mikel Otegi eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainerako euskal preso politikoak aske uzteko eskatu du Etxeratek. Gregorio Vicariori egin behar izan dioten premiazko esku-hartzea bezalako egoerak berriro gertatu aurretik osasunerako eskubidea bermatu behar dela adierazi du elkarteak.

Izan ere, gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan, haien kondenak eten beharko dira, Espainiako Zigor Kodeak berak 80. eta 92. artikuluetan ezartzen duen bezala. Hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioaren 43.1 artikuluak herritarren osasuna bermatzeko eskubidea jasotzen du. Hala gomendatu dute, bestalde, azken urteotan nazioarteko hainbat erakundek, hala nola OMEk eta Europako Kontseiluak.