Mikel Martinez aktorea hautatu dute Eskenako (Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartea) zuzendari. Lizarran jaiotako antzezleak zuzendaritza berria gidatzeko ardura izango du gutxienez urtea amaitu bitartean.
Lantaldeetan oinarritutako egitura horizontal eta parte hartzailearen aldeko apustua egingo du Eskenak, “sektorearen garapen profesionala sustatzeko”, elkarteak zabaldutako prentsa oharrean adierazi dutenez.
Zuzendaritza berriaren izendapena hausnarketa prozesu “sakon eta iraunkor” baten urrats bat gehiago da, Eskenaren berbetan. Aldi berean estutasunez eta dinamismoz betetako garaia bizi dugula nabarmendu du Martinezek kargua hartutakoan, eta euskal antzerkiaren aldeko militantetzat jo du bere burua.
Berarekin batera zuzendaritzako kide izango dira Pilar López, Gorka Mínguez, Ana Pimienta eta Idoya Ayestaran. Azken horri egokituko zaio sektorearen hitzarmena negoziatzea. Besteak beste, administrazio publikoarekiko eta antzokiekiko duen bitartekaritza rola indartu nahi du Eskenak.