argia.eus
INPRIMATU
Mikel Laboa Katedrarekin deitutako ikerketa sariak banatu ditu Bertsozale Elkarteak
  • Maddi Soroaren "Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak" gradu amaierako lanak eta Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek taldean aurkeztutako "Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina" proiektuak eskuratu dute saria.

Bertsozale.eus @bertsozale 2022ko azaroaren 22a
Maddi Soroa izan da saridunetako bat. / XDZ

Uztailean deitu genituen UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak GRAL Saria eta Ikerketa Proiektu Saria lortzeko deialdiak; ikerlanak eta proiektuak jasota eta epaimahaiak horiek aztertuta, iritsi berri da ebazpena.

Maddi Soroa Navarroren Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak ikerlanak irabazi du GRAL Saria. Bertsolaritzari buruzko GRAL Sariaren deialdirako lan gehiago ere aurkeztu dira, eta egileen baimenarekin kontsultatzeko moduan daude Xenpelar Dokumentazio Zentroan.

Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina izena duen proiektuak irabazi du, aldiz, Ikerketa Proiektu Saria. Taldean aurkeztutako proiektua da, eta Iñaki Viñaspre Simon, Izar Mendiguren Cosgaya, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Ruben Sanchez Bakaikoa dira taldeko kide. Urtebeteko epean egin beharko dute ikerlana.

Zorionak saridunei eta mila esker parte hartu duzuen guztioi!