Irastorzari "gaizkile talde bateko kide" izatea leporatzen diote. Egun, kazetari lanetan dabil kazeta.eus-en eta Azkainen bizi da donostiarra. 90 kazetarik elkartasuna adierazi diote Irastorzari, eta EH Baik auzia anakronikotzat jo du "ez duelako laguntzen Euskal Herriko gatazkaren bake prozesuan".
Mikel Irastorza Artola epaituko dute Parisen datorren ostegunean, urtarrilak 5. “Gaizkile talde bateko kide” izatea leporatzen diote. Irastorza 2016ko azaroaren 5ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Azkainen, Guardia Zibilarekin elkarlanean eginiko operazioan.
Ordu hartan poliziak eta hedabide ugarik zabaldutako akusazioa zen ETAko buruzagi nagusia eta "aparatu logistiko militarraren" burua zela. Prozesu judizialean, bestalde, ez da halakorik aipatzen, Naiz-ek jaso duenez.
Mikel Irastortza donostiarra da izatez baina Lapurdin bizi da. Lau urte baino gehiago daramatza Mediabask hedabide taldean lanean.
2017tik kontrol judizialpean
Irastorzarekin batera, 2016an Xabier Arin eta Denise Elizagoyen ere atxilotu zituzten, baina kontrol judizialpean aske utzi zituzten. Datorren osteguneko auzitik kanpo utzi dituzte.
Irastorza Fleury-Megoriseko espetxean sartu zuten atxilotutakoan. 2017ko abuztuan baldintzapean aske utzi zuten, baina ordutik kontrol judizialpean egon da; besteak beste, Frantziako Estatutik ateratzeko baimena ukatzen zitzaiola.
Bake Bidea-k gogorarazi du Irastorza, Arin eta Elizagoyen atzeman eta hilabetera atxilotu zituela Frantziako Poliziak ETAren armagabetze zibila abiatu zuten bost bakegile, Luhuson. Armagabetzea ekidin nahi izateari egozten dizkiote operaziook.
EH Baik konponbide politikoa exijitu du
EH Baik, halaber, epaiketa gaitzetsi du auzia “erabat anakronikoa” delakoan, eta salatu Parisek tematuta jarraitzen duela euskal gatazka elkarrizketaren bidetik konpontzeko ukazioan. Ulertezina egiten zaio alderdiari Irastorza orain epaitzea, Aieteko Nazioarteko Konferentziaz geroztik 11 urte direla.
Euskal Herriko jendarteak "bake justu eta iraunkorra" nahi duela uste du alderdiak, eta Madril eta Parisi elkarrizketa eta konponbide politikoak exijitu dizkie.
Ostegunean bertan elkarretaratzea egingo dute Azkainen, 19:00etan. EH Baik larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen alde Sarek antolatutako manifestaziorako deia egin du.
90 kazetarik Irastorza salbu uzteko adierazpenarekin bat egin dute, "Euskal Herriko bake prozesuaren testuinguruan" kazetari lanetan jarraitu dezan
90 kazetariren babes adierazpena
Osteguneko Parisko epaiketaren atarian, 90 kazetarik babesa adierazi diote, adierazpen baten bidez. Ondorengoa exijitzen dute:
"Kazetaritza lanbideko profesional gisa, Parisen urtarrilaren 5ean epaitua izanen den Mikel Irastorza Artola Mediabaskeko kazetariari elkartasuna adierazten diot. Gisa berean, gizartea informatzen jarraitu dezan, eta Euskal Herriko bake prozesuaren testuinguruan, galdegiten dut gure artean izan dadila bere kazetaritza lana betetzen".
Jarraian, Irastorzari babesa adierazi dioten kazetariak: