Frantziako Poliziak atxiki zuen ostiralean, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatu zuten bost etorkin furgoneta batean hartu eta gero. Bidarten geldiarazi zuten ibilgailua: migratzaileak Irunera itzularazi zituzten eta gidaria Hendaiako komisarian eduki zuten hurrengo egunera arte.
Mikel Ibarguren idazlea eta preso ohia atxilotu du Frantziako Poliziak pasa den ostiralean eta Hendaiako komisarian atxikita eduki dute larunbat arratsaldera arte, NAIZ hedabideak informatu duenez.
Ibargurenek azaldu duenez, Biriatuko bidesaritik hurbil bost migratzaile ikusi zituen urtarrilaren 21ean, errepide bazterrean, eta furgonetan hartu zituen, Baionako Pausu zentrora eramateko: “Tamalez lehenagotik ere gertaera larriak bizi izan ditugunez etorkinekin, pentsatu nuen pertsona horien segurtasuna bermatze aldera onena zela”. Ez ziren hara iritsi, ordea, Bidarte inguruan atzeman baitzituen Poliziak.
Migratzaileak Irunera bueltatu zituzten, baina Ibargurenek baieztatu duenez, ordu batzuk geroago gazteek lortu zuten Baionara ailegatzea. Gidariak Hendaiako komisarian igaro zuen gaua, urtarrilaren 22 arratsaldean libre utzi zuten arte. Salatu duenez, atxiloaldian ikusi zuen poliziek elkartasun sareak zelatatzen dituztela. “Trafikanteen aurka jotzearen aitzakiaz elkartasunez jarduten duten herritarren ekimenak kriminalizatzeko saiakera martxan egon daiteke”, azaldu du.
Izan ere, zenbait elkartek salatu izan dute herritar sareen aurkako jazarpena, eta gogorarazi bereizi egin behar direla diruaren truke migratzaileekin negozioa egin nahi duten pertsonak eta gizatasunez eta elkartasunez jarduten duten boluntarioak.
Informazio gehiago:
- Irakurri 2008an ARGIAn Mikel Asurmendik eginiko elkarrizketa: "Ez nagoen lekukoa nauk"
- Irakurri 1996an ARGIAn Maite Artolak eginiko elkarrizketa: "Nola edo hala maitatzen segitu behar eta poesia izan da modua"