argia.eus
INPRIMATU
Mikel Hiribarren izendatu dute Confederation Paysanneko idazkari nagusi
  • Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) partaide duen Confederation Paysanne sindikatuak bere zuzendaritza berritu du eta tartean hautatu dituen idazkari nagusietako bat Mikel Hiribarren izendatu du.

Laborari 2013ko ekainaren 05
Confederation Paysanneko zuzendaritza berria. Eskuineko biak dira idazkari nagusiak, Marie-Noelle Orain eta Mikel Hiribarren.

Aurretik 'Conf'en batzorde nazionaleko kide zen Hiribarren nekazari da Itsasuko (Lapurdi) Aroztegia baserrian, non ardien hazkuntzatik bizi den. Hegoaldean kontsumo talde eta Iparraldean AMAP deitzen direnen arteko zaharrenetako bateko kidea da, beste laborari batzuekin osatutako Basaburuko Saskian. ARGIAko irakurle askok gogoan izango dituzte Hiribarrenek 'Xinaberri' ezizenez sinatzen zituen 1970-1980 hamarkadetako artikulu eta elkarrizketak (batzuk Ladix Arrosagarai 'Astema'rekin elkarlanean eginak), astekari honen kolaboratzaile eta laguntzaile klasikoetakoa izan baita.

Bi urterako hartu du Franzia mailako Confederation Paysanneko zuzendaritzako kargua. Egitura berrian, konfederazioak bozeramaile bat dauka buru eta bi idazkari nagusi, horietako bat Hiribarren. LABORARI astekariak elkarrizketatu du.

Conf paysanneko idazkari nagusi kargua hartu berri duzu. Zer arrazoin eta zer helbururekin?

40 kidetako Komite nazionalak du izendatzen bere baitan, astero Bagnolet-en (sindikataren egoitza, Parise ondoan) bilduko den 7 kidetako taldea. Eta nik ere nahi izan dut sartu talde hortan, iduritu baitzait badugula gure ELB sindikatarekin esperientzia ederra bildua 30 urtez, laborarien defentsan eta laborantza mota berriaren proposamenean. Jakizu denek miresten dutela hemen egiten den lana, denek badakite hemen haize guzien kontra altxatu dugula EHLG Ainizako laborantza ganbara... beraz, lerro hauk irakurtuko dituen ELBko kide bakotxak pentsa dezala, ni baniz han ibiliko astez aste bi urtez, hemen lanean eta borrokan segitzen duen ELB kide bakotxa dutala eramanen gogoan!

Zer lan suposatzen du eta zer antolaketa?

Idazkari nagusi lekua partekatuko dut orainarte lan hau bakarrik betetzen zuen Marie-Noelle Orain Nantes eskualdeko laborariarekin. Bistan da trebatzen hasia baniz ordenagailu tresnarekin, behartuko zaut hemendik aintzina. Mezuak abiatuak dira gure sasuetan laparrak heldu diren bezala. Guri datozkigu egunez egun sindikatak agertzen dituen deklarapen guzien kudeatzea, Bagnoleteko bulegotan diren langilen laguntzarekin, baizik eta sindikataren barne eta kanpo bizia zuzentzea egunerokoan. Gure gain da komite nazionalaren lanak antolatzea eta haren erabakiak gauzatzea. Aldiz, laborantza munduari eta gizarteari begira, izendatua dugu bozeramaile bat gure zazpiko talde hortan, Laurent Pinatel deitzen da, Saint Etienne eskualdeko behi esne egilea da.

Zoin izanen dira buruzagitza berri hunen lehen lan ildoak?

Bada zerregin, dakizula. Bainan bi lan ildo nagusi badirela erran nezake. Lehena, azken urte hauetan negoziatzen ari den Europako Laborantza Politikaren tratua, gibelatua izan baita neurri batean erabakien ordua, Europako estatu bakotxak bere eremuan hautu hobeago frango egin baitezake, eta uste baitugu oraino behar dugula agertu PAC xuxenago baten alde.... Bestalde, Frantziako gobernu hunek abiatua du bere lege proposamena laborantzarako. Loi d’avenir deitzen da, eta hitz larri bat besterik ez daukate ahoan: agroekologia. Hitz hau ez da gure sindikatekoentzat arrotza, mundu mailan biltzen gaituen Via Campesinak aspaldi mugatua baitu: “gizonak lurraz luzaz balia ahal izan ditezen” hartu behar diren neurri ausart eta baitezpadakoa... Frantziako ministeritzak ari du agroekologiaren hitza arras biluzten, bere lege proposamenean nahikeria eskas batzu agertzen baditu sail batzuetan, arras ekarpen epelaren mentura uzten dauku. Gure sindikatak jakineraziko diozka gure ikuspegitik nolakoa beharko lukeen lege berri batek, biharko laborantza sendo bati buruz abiatzeko.

ELBren botzak eta Euskal Herriko laborantxak indar gehiagoren izaiteko xantza du oraitik goiti Parisen?

Gorago errana dut, ELB eta EHLG, nikuste denek badakite jadanik zerbait badirela. Eta ene esku zen adieraztea azken bozkaldietan 12 botzez irabazi ginuela, Xuberoako lurraldea kondutan hartu gabe ere. Segituko ginuela Euskal Herriko laborariei erakusten gu denen esku dela hemengo mendi eta pettarren geroa, anitz etxaldekin eta nortasun berpiztuarekin. Jakin behar da azken bi urte hautan gure gisan Confédération Paysannen entzunarazi dugula hemengo arranguren berri, eta ELBk eramaten zituen dozierren berri. Hemendik abiatua da etxalde ttikien aldeko arrangura berezia, erakutsi diotegu ardi esnetik bazela bizi laborari andana ederra hemen, beti entzun dute Euskal Herritik mendiko laborantzak axola doblea merezi duela, etxe ekoizpenen ardura daramat sindikatean hemengo lagun batzuekin, sormarken eta kalitatezko ekoizpenen indar guzia hor daukagu gure bizinahiaren lekuko, lurraren zaintzeko abiatu den Lurzaindia gorestekoa da, AHT aren kontrako borrokak Notre Dames des Landes-ekin badu lotura zuzena, eta abar luzea... Erran diotet ere nunbaiteko zaldi odola baino gehiago badugula hemen pottoken odoletik. Irrintzina dut menturaz nihaurk doi bat motela!

Euskal Herriko indarrak gidatuko zaitu beraz Parisen...

Bada nire aldetik azken egun hauetan ELBko lagunei erran nahi dutan gauza frango. Erran dezadan bederen, bakarrik Paris aldeko karriketan banabilenean metroz edo autobusez, bi urterentzako lan berri hau onartzean, pentsatu dutala gurekin ELBen ibili eta borrokatu direnei eta urrunduak ditugunei, herritarrak pare bat bistan dena, eta besten artetik Xuberoan ongi ezagutu dutan Joseph Godement ala oraingo ibilaldi huntara ekarri nauen Christian Harlouchet.

Bestalde, gogoan atxiki nahi ditut berezikiago gure mendi eta pettar xokoetan egunero lanean bakarrik, ixilik eta frangotan itzalean ari diren guziak... oroitzapen apartekoa daramat elkar lanean lehiatzen diren lagun guzientzat, gure sormarketako arduradunak, eta gure Saskitik Idokin barna, Belaun eta CLPBen gaindi Azkorriaraino! (mugaz hunaindian egoiteko).