Miguel Angel Blancoren hilketatik hogeita bost urte bete berritan, gertakariarekin loturan deklaratzera deitu dituzte Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre, uztailaren 21ean. Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziari galdegin dio Josetxo Arizkuren deklaratzera deitzeko baimenari buruz.
Espainiako Auzitegiko epaile Manuel García Castellónek deklaratzera deitu ditu Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre uztailaren 21ean, ETAko zuzendaritzako kide gisa Miguel Angel Blancoren hilketan izan zuten ustezko ardura argitzeko. Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako salaketa batek Ermuko PPko zinegotzi zenaren hilketaren erantzuletzat jotzen ditu biak, beste zazpi pertsonarekin batera: Josetxo Arizkuren, Iñaki Gracia, Jokin Etxebarria, Asier Oiartzabal, Juankar Iglesias, Vicente Goikoetxea eta Carlos Ibarguren. Hilketaren "egile intelektual" izatea leporatzen diete bederatziei, ETAko zuzendaritzaren parte zirelakoan.
Kasua berriz irekitzeari egoki iritzirik, García Castellón epaileak tramitera onartu zuen salaketa, eta horregatik ari dira ikertzen Albisu eta Iparragirre. Epaileak Arizkurenek ere deklaratu dezan nahi du, eta horretarako baimenari buruz galdegin dio Frantziari, han ari baita betetzen espetxe zigorra. Iñaki Gracia ere aipatu duen arren ustezko arduradunen artean, haren delituak preskribatutzat jo ditu. Salaketak barnebiltzen zituen gainerakoak, ostera, ikerketatik kanpo utzi ditu.
Martxoan, Dignidad y Justicia elkartearen salaketa tramitera onartu zela jakinaraztean Berriak jaso zuenez, epaileak ikertu nahi du ea "ETAren batzorde exekutiboko kideek" hilketa gauzatzeko agindua eman ote zuten edo omisioz eman zuten horretarako bidea. Epailearen arabera, gutxienez 48 orduko marjina izan zuten hilketa eragozteko. Hala bada, "haien erantzukizuna zenbaterainokoa den zehazteko ikerketa bat hastea" egoki ikusi zuen Castellónek.
Blancoren hilketagatik zigorra betetzen ari dira 2006tik Javier García Gaztelu, Irantzu Gallastegi eta Ibon Muñoa. Arizkureni dagokionez, aldiz, auzi bat dago haren kontra irekita, hilketaren eragile izatea leporatzen baitzaio. Ustez Arizkurenek 2016an ETAren Bizkaia komandoko kideei bidalitako bi gutunetan oinarritzen da akusazioa.