argia.eus
INPRIMATU
Miguel Sanzen jarrera CANen ikerketa batzordean: dena ukatu eta abertzaleak seinalatu
  • Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak Nafarroako Parlamentuan CAN auzia ikertzen ari den batzordean hitz egin du asteazken honetan. Nafarroako Kutxan ustelkeria kasurik izan zenik ukatu du.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 23a
Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak CAN auziari buruzko ikerketa-batzordean deklaratu du.

“Espainiako kutxa guztiak bezala transformatu egin da Nafarroako Kutxa”, adierazi du Sanzek ikerketa-batzordean eta ukatu egin du CANekin lotuta plazaratu ziren ustelkeria kasuak, Diario de Noticiasek jaso dituen adierazpenetan.

“Krisiak gizartean eragin zuen egoera emozionala baliatuz, baita kutxa batzuekin lotuta izan ziren zenbait ustelkeria eskandalu ere, batzuk saiatu izan dira Nafarroako Kutxa lotzen horrelako prozesuekin eta eskandaluekin, transmititu nahian CAN gobernatu zutenen utzikeriagatik eskandalu bat sortu dela, eta hori guztiz gezurra da”, adierazi du Sanzek.

Nafarroan ustelkeria kasurik izan denik ezeztatu du behin eta berriro UPNren eskutik Nafarroa gobernatu zuen korellarrak eta bere alderdiaren aginte-zikloarekin amaitzeko “interes politikoak” jo ditu horrelako salaketen iturritzat.

“Ezker abertzale erradikalaren inguruan kokatuta dagoen kolektiboren batek” erabili dituen esloganak kritikatu ditu Sanzek, sektore horretatik iradoki delako CANekin gertatutako guztiari buruzko informazioa ez dagoela oraindik herritar ororen esku. “Ez da ezkutuko ezer egon, inork ez dio ezer jakiteari utzi, eta CANek egin duen prozesuak ez dio CANi bakarrik eragiten”, azaldu du eskuineko politikariak.

Bere ustez, krisi ekonomikoak eragin zuen kutxak birkapitalizatu beharra, “alegia, beren funtsak handitzea, bai kopuruan, bai kalitatean, eta horretarako beharrezkoa izan da, eta legeak derrigortua, kutxak banku bihurtzea. Hori gertatu da Espainiako kutxa guztietan, guzti-guztietan”, adierazi du Sanzek.

Prozesu horretan CAN ez dela gaizki atera ere baieztatu du Sanzek eta Nafarroa kutxa publikorik gabe uzten bukatu zuten erabakiak kritikatu zituztenen kontra jardun du, “interes politikoak dituen debatea” bultzatu nahia leporatuz.