argia.eus
INPRIMATU
Miguel Gallastegi pilotari ohia zendu da 100 urterekin
  • Hiru aldiz buruz buruko txapeldun izana, 1948,1950 eta 1951 urteetan, esku pilotaren mitoa izatera heldu da Gallastegi.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 04a
Argazkia: @pgabilon

Miguel Gallastegi ostegun gauean hil da bere Donostiako etxean, 100 urte zituela. Hiru aldiz buruz buruko txapela irabazitako pilotariak, aro berezia markatu zuen esku pilotaren historian eta Atano III.aren tokia hartu zuen modalitatearen gailurrean.

1918ko otsailaren 25ean Eibarren jaiotako atzelari indartsuak, diferentzia handiak markatu zituen kantxaren gainean. Emaitza bikainak lortu zituen eta denboraren poderioz kirol honen mito bilakatu zen.

18 urterekin 1936ko ekainean egin zuen debuta profesionaletan, horren kuttun duen Eibarko Astelena pilotalekuan. Buruz-buru irabazitako hiru txapelen ostean, 1953. urtean, Barberito I.aren aurkako finala jokatzeari uko ere egin zion Gallastegik. Finala antolatzen zuen enpresarekin adostasun ekonomikorik lortu ez, eta Espainiako Federazioari eta orduko agintariei aurre egin zien.

Izaera gogorreko gizona izanik, lehenagoko indar eta sendotasun berarekin itzuli zen kantxetara. 1960an, 42 urterekin eman zion amaiera bere ibilbide profesionalari.

Euskal kirolaren ikur handienetako bat joan den arren, Astelena frontoiko horman presente dagoen txapeldun handiaren irudiak, pilotazale askoren oroimenean jarraituko du.