argia.eus
INPRIMATU
Miguel Díaz-Canel presidenteak “Iraultza defendatzera” deitu du Kuban piztu diren protesten aurrean
  • Igandean gobernuaren aurkako mobilizazio jendetsuak egin dira Kuban. Presidenteak agerraldia egin du gobernuko eta Alderdi Komunistako buruekin batera: “Itotze ekonomikoko politika bat dago eztanda sozialak eragiteko”. Herrialdea krisi ekonomiko sakonean dago.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 12a
Igandeko protestetako bat. Irudia: publico.es

Lehenbiziko protesta San Antonio de los Baños herrian hasi da, Kubaren mendebaldean. EFE agentziaren arabera ehunka pertsonek manifestazioa egin dute igandean, “behera diktadura” edo “aberria eta bizitza” leloak oihukatuz, eta sare sozialek lagunduta mobilizazioak irla guztira hedatu dira. Milaka izan dira manifestariak, oro har ez da istilurik piztu baina liskarrak egon dira zenbait hiri eta herrietan, eta dozenaka herritar atxilotu ditu Poliziak, berri agentziaren arabera. Amnesty International antolakundeak Kubako Gobernuaren “errepresioa” salatu du. Poliziak herritarrak tiroz zauritu dituela ziurtatu du, eta atxiloketa arbitrarioak egin dituztela.

Igandean bertan Miguel Díaz-Canel presidenteak San Antonio de los Bañosera bidaiatu du, eta ondoren adierazpenak egin ditu Kubako telebistan, herritarrak “borrokara” deituz: “Iraultzaile guztiak kalera irtetera deitzen ditugu, leku guztietan iraultza defendatzera. Ez dugu gure aberriaren subiranotasuna entregatuko”. Presidentearen deiari erantzun dioten herritarren eta gobernuaren aurka protestan ari direnen artean eztabaidak eta liskarrak egon dira zenbait tokitan. Presidenteak esan du gobernuak “egungo garaien konplexutasunaz” ohartu izan duela protesten aurretik, arazo ekonomikoei erreferentzia eginez. Protesten eta manifestarien aurkako adierazpen gogor eta zuzenez gain bestelakoka ere tartekatu ditu. “Pertsona iraultzaileak ere batu ziren [protestara], sare sozialetan dagoen desinformazioarekin nahastuta egon daitezkeenak”, adierazi du igandean San Antonio de los Bañoseko protestaren inguruan; “Argi dago herritarrek egiten duten edozein proposamen, edozein kexa, baloratu dezakegula”, asteleheneko agerraldian.

Osasun eta energia krisia

Astelehen goizean agerraldi berria egin du presidenteak zuzenean, gobernuko eta Alderdi Komunistako buruekin batera. Agerraldia aurrez pentsatuta zegoela adierazi du, “herriari informazioa emateko”. Igandeko protesten pizgarrietako bat azken asteetan ugaritu diren argi indarraren etenaldiak izan direla ematen du. Agerraldian, Díaz-Canel presidenteak eta Energia ministroak zentral termoelektriko nagusietako matxurei eta energia-eskariaren igoerari egotzi dizkiete mozketak, eta, zerbitzuaren egonkortasuna astearte honetatik aurrera berrezarriko dela ziurtatu dute.

Krisi ekonomikoaz gain beste arazoa COVID-19a da. Kutsadura datuak pandemia hasiz geroztiko altuenak izaten ari dira azken asteetan. Etxeratze agindua dago ezarrita irlan, baina igandeko agerraldian Díaz-Canelek etxeko konfinamenduaren aukera jarri du mahai gainean.

Blokeoa eta AEBak

Joe Biden presidenteak ohar baten bidez babestu ditu igande goizeko protestak: “Kubako herritarrak oinarrizko eskubide unibertsalak ausardiaz praktikatzen ari dira”. Día-Canelek protestetan AEBek duten erantzukizuna salatu du, bai protestak sustatzeagatik, bai blokeoak iraln sortzen dituen kalte ekonomikoengatik. Gogorarazi du mundu mailako osasun krisia hasi zenetik blokeoa arindu ordez sakondu egin duela AEBetako Gobernuak.